Eneko Ibarguren: "Zilegia izan den lana epaituko dute irailean"

Uztarria.eus 2019ko ira. 2a, 11:17
Eneko Ibarguren. (Julene Frantzesena)

"ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta, eta 11/13 sumarioaren barruan, Eneko Ibarguren eta beste 46 lagun epaituko dituzte irailean hasita, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Uztarria herri aldizkariaren 219. zenbakian Ibarguren elkarrizketatu du luze, Julene Frantzesena kazetariak.

Herrira mugimenduko kide izateagatik atxilotu zuten Eneko Ibarguren (Azpeitia, 1979), eta irailetik aurrera Madrilera joan beharko du, "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatuta epaituko baituzte bera eta beste 46 lagun. Non epaituko duten badakien arren, epaiketaren atarian baikor da azpeitiarra.

2013ko irailean atxilotu zintuzten. Sei urte pasatu dira ordutik. Zer-nolakoak izan dira urte hauek?

Atxilotu eta gero, behin-behineko askatasunean utzi gintuzten libre. Bi astez behin joan behar izaten dugu sinatzera eta Espainiako estatutik ateratzeko debekua daukagu. Atera nahi dugunean, baimena eskatu behar izan dugu. Nire arreba eta iloba Hendaian [Lapurdi] bizi dira, eta haiengana joan nahi izan dudan bakoitzean, hilabete lehenago baimena eskatu behar izan dut. Horrek baldintzatu egin nau. Beti izan dut presente egunen batean epaiketa izango nuela, baina sei urteotan ohiko bizimodua egin dut: lanera joan naiz, Elkar-ekin taldean militatu dut, lagunekin egon naiz, nire proiektuak gauzatu ditut... Bestela ere egingo nituzkeen gauza berak egin ditut.

Presoen eskubideen defentsan egindako lanagatik epaituko zaituzte. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Zilegia izan den eta den lan politiko bat epaituko dute irailean hasiko den epaiketan. Adierazpen askatasuna, biltzeko eskubidea, antolatzeko eskubidea... Oinarrizko eskubide horiek epaituko dituzte, baita espetxeetan dauden presoekiko elkartasuna antolatzea ere. Zentzu horretan, Espainiako Estatua izanik, ez da berrikuntza epaitzera doazena.

Herrirako kide izateagatik atxilotu zintuzten. Zein zen Herriraren egitekoa?

Herriraren lana zen preso eta deserrian zeuden herritarrekiko elkartasuna antolatzea, eta bestalde, horien herriratzearen alde lan egitea. Herriraren lana erabat publikoa izan zen. Herrira sortu genuenean, Euskal Herri osoko 200 herri eta auzo baino gehiagotan antolatu ginen, eta mobilizazio handiak antolatu genituen. Harreman dinamika zabala izan genuen eragile sozialekin, sindikatuekin nahiz alderdi politikoekin. Aipatzekoa da, alderdi politikoei dagokienez, guztiekin izan genituela harremanak, Bildutik PPra.

Zergatik batu zinen Herrira mugimendura?

Niretzat jarrera naturala izan da presoekiko elkartasuna antolatzea, presoen aldeko mobilizazioetan parte hartzea eta abar. Herriraren sorreran zuzenean parte hartu nuen, une hartan era hartako mugimendu berri eta eraginkor bat behar zela argi nuelako. Uste nuen Herrira izan zitekeela mugimendu hori, eta buru-belarri aritu nintzen sorrera prozesuan parte hartzen.

Presoen gaia gertutik bizi al duzu?

18-19 urte nituela hasi nintzen presoak bisitatzen. Gerora, nire inguruan hainbat lagun izan dira preso, bai kuadrillakoak, bai familiakoak, bai militantzian oso hurbil izan ditudan pertsonak. Kartzelak presentzia handia izan du nire bizitzan, eta azken urteetan bisita pila bat egitea egokitu zait, hala nola Puertora [Espainia], Parisera eta beste hamaika lekutara; orain dela bi aste egin nuen azken bisita. Kilometro ugari egin ditut, fisikoki eta ekonomikoki galera handia eragiten dute horiek, baina jaso ere, asko jasotzen da. Horrekin geratzen naiz.

Nola eragin dizu Euskal Herriko gatazkak?

Txikitatik izan du eragin handia nigan. Gure familian beti hitz egin izan da asko, bai arazo politikoez, bai arazo sozialez. Nik etxetik dakarkit politizazio puntu hori, nahiz eta une askotan ikuspuntu desberdinak izan ditugun eta asko eztabaidatu dugun familiako kideok. Gero, gaztea nintzela hasi nintzen mugimendu sozialetan eta politikoetan parte hartzen. Garai zehatz batzuetan antolakunde politikoetan parte hartzen genuen pertsona asko edozein egunetan atxilotuak eta torturatuak izatearekin mehatxatuta egon ginen. Mehatxu hori bete-betean egokitu zitzaion gure belaunaldiko pertsona askori. Jende pila bat egon zen presio egoera horretan, baina gaiaz ez da batere hitz egiten. Pertsona asko atxilotu eta torturatu zituzten, eta beste asko ez. Baina azken horiek ere jasan zuten jazarpena, eta egoera hori luzatzeak herritar askorengan izan ditu ondorioak eta utzi ditu minak. Hitz egiten ez den errealitate bat da, ondorioak utzi dituena eta guk oso presente bizi izan duguna. Guretzat oso ohikoa zen kalez jantzitako poliziak kalean edo etxe aurrean sumatzea, horiek autoan atzetik jarraitzea, kontroletan denbora luzez egotea... Egoera oso itogarria zenean, lagunen etxera-eta joaten ginen gaua pasatzera, tortura eta espetxea ekiditeko. Ondoren, gutxien espero nuenean atxilotu ninduten, eta zorionez, ez ninduten torturatu.

Gatazkaren parte izan zara, beraz?

Bai, izan naiz eta naiz. Jazarpen politikoa bizitzen ari naiz epaiketa honekin. Gatazkak min asko utzi ditu, leku askotan, eta ez ditut begiak ixten gertatu den guztiaren aurrean. Iruditzen zait min guzti-guztiak errekonozitu behar direla, baina oraindik oso urrun gaude egoera horretatik.

Irailean izango da zuen aurkako epaiketa. Nolako prozesua izango dela aurreikusten duzue?

Irailaren 16an hasiko da Espainiako Auzitegi Nazionalean, Madrilen. Printzipioz hogei auzi-saiotarako datak jarri dituzte, eta epaiketa abenduan bukatzea aurreikusten dugu. Dena den, akordioren bat balego, posible da egun bakar batean bukatzea epaiketa. Momentuz, ez da erraza aurreikuspenak egitea. Akusazioari dagokionez, tortura erabili duen, komunikabideak itxi dituen eta Altsasuko gazteak espetxean sartu dituen estatu batek epaituko gaitu; hara goaz, eta nahiz eta Espainiako justiziak oso sinesgarritasun gutxi izan Euskal Herrian, min asko egiten jarraitzen du. Horri aurre egitea dagokigu.

Hain zuzen ere, 47 lagun erakunde terroristako kide izatea leporatuta epaituko zaituztete...

Gure lana erabat publikoa izan da, erabat politikoa eta zilegia. "ETAkoak zarete" akusazioa egiten digutenean, guk defentsiban jarri behar dugunaren sentipena daukat; hala ez garela justifikatzen aritu behar dugula dirudi. Baina gure lana publikoa izan da, jendearekin egin dugu lan, herritarren eta komunikabideen aurrean, eta hori horrela izanik, ez dut sentitzen nire burua justifikatzeko beharrik.

Makroepaiketa berean sartu dituzte presoen hainbat babes talde, hala nola Herrira, abokatuak, Etxerat, Jaiki Hadi... Nolatan sartu dituzte talde edo eragile horiek denak zaku berean?

Lau polizia operazioren ondorioa da makroepaiketa. Presoen eremuan lan egiten genuen eta funtzio desberdinak genituen pertsonak epaituko gaituzte. Ni, adibidez, Herrirakoa nintzen, baina talde gehiago ere epaituko dituzte: lan eta defentsa juridikoa egiteaz arduratzen ziren abokatuak; presoen osasun fisikoa eta psikologia artatzen zuten Jaiki Hadiko psikologoak; presoen senideei begira lan egiten duten Etxerateko kideak; eta bitartekariak, une hartan hasi nahi zen prozesuan EPPKren eta kanpoko eragile politikoen arteko harremanez arduratzen ziren kideak. Denok presoen gaiak lotzen gaitu, eta horregatik epaituko gaituzte batera.

Epailearen autoan irakur daitekeenez, ez dute lotura zuzenik aurkitu "ETAren espetxe fronte" deitu dutenaren eta ETAren artean.

Betiko kontua da: ke asko saltzen dute, baina froga zehatzak behar dira akusazioak baieztatzeko. Errazena da izugarrizko operazioak eta mediatikoki ikaragarrizko albisteak egitea, baina gero kasu askotan ikusi dugu halako akusazioen atzean zegoena kea bakarrik zela.

Zuen kasua ere horrekin lotzen duzu?

Bai. Niri agerraldiak antolatzea, bilkuretan parte hartzea, komunikazio lantaldeko kide izatea eta antzekoak egozten dizkidate; lan politikoari lotutako akusazioak dira.

Urteak dira euskal herritarren aurkako makroepaiketarik egin ez dela. Egoera aldatu egin da azken urteetan. Anakronikoa ez al da berriz ere halako epaiketa bat egitea eta 47 lagun epaitzea?

Azken asteetan asko ari naiz entzuten "garai honetan epaiketa hau lekuz kanpo" dagoela. Ados egon edo ez, guk lan politikoa egin dugu, eta lan politiko hori zilegi da; baina zilegi da orain, eta zilegi zen orain dela hamabost urte. Barrua mugitzen didan gauza bat da hori. Gogorarazi nahi dut 2007-08an Amnistiaren Aldeko Mugimenduko kide ugari epaitu zituztela, eta haiei zortzi eta hamar urte bitarteko espetxe zigorrak ezarri zizkietela. Haiek egin zuten lana ere presoen ingurukoa izan zen, desberdintasunak desberdintasun. Lan hura ere zilegia zen, eta espetxe zigor ikaragarri gogorrak jaso zituzten. Batzuetan epaiketa politikoen artean ezberdintasunak egin direnaren sentipena daukat, garaiaren arabera, nor epaituko dutenaren arabera. Pertsonalki ez nago ados ezberdintasun horiek egitearekin.

Zuei ere kartzela zigor altuak eskatzen dizkizuete. Zuri, zehazki, hamahiru urte eta sei hilabetekoa.

Guretzat ere sorpresa izan da espetxe zigor eskaera altuak egin izana, baina estatu autoritario batean bizi gara, eta edozer espero daiteke harengandik. Azken urteetan nahiko baikor egon naiz pertsonalki, baina hankak lurrean izaten saiatzen naiz. Beldurra hor dago, zigor eskaera oso handia delako, badakidalako non epaituko nauten eta badakidalako Auzitegi Nazionalaren izaera erabat politikoa dela. Askotan, irizpide juridikoekin baino egoera politikoaren arabera jokatzen du Auzitegi Nazionalak, eta horrek sortzen du beldurra.

Espetxe zigorraz gain, inhabilitazioa eta isuna ere eskatzen ditu fiskalak zuentzat. Horrek ere eragin zuzena izan dezake zuen bizitzetan, ezta?

Bai, horiek ere hor daude. Nire kasuan, adibidez, irakaskuntza publikoan lan egiten dut, eta inhabilitazioak kalte handia egingo lidake.

Epaiketaren hasiera data gertu da. Nola zaude?

Orain arte, oso lasai egon naiz eta kontu honek ez dit buruhauste handiegirik eragin nire bizitzan. Data gerturatzen ari den heinean, pixka bat urduriago sentitzen naiz. Ondo nago, baina egun batzuetan hauskorrago sentitzen naiz emozionalki. Dena den, hankak lurrean izaten saiatzen naiz; baikor nago, baina aldi berean, badakit non epaituko nauten. Jende bikaina dut inguruan, eta horrela dena da errazagoa.

Nolakoa da pertsona baten egunerokoa epaiketaren zama bizkarrean duenean?

Une honetan oporretan nago, eta egun bakoitza disfrutatzen saiatzen naiz. Jendearekin egoteko ahalegina egiten dut, kirola egin eta irakurri ere bai, telesailen bat ikusten dut, familiarekin eta lagunekin egoten naiz... Bizimodu normala egiten saiatzen naiz. Egia da, dena den, epaiketa lan dezente eskatzen ari zaigula.

47 auziperatuok batera egin dituzue agerraldiak. Zer aldartetan zaudete kolektibo moduan?

Epaiketari modu kolektiboan egingo diogu aurre, bai juridikoki, bai politikoki eta bai ekonomikoki. Bakoitzak ditugun aukeren eta indarren araberako ekarpena egingo dugu, baina argi dugu modu kolektiboan emango dugula erantzuna. Horrez gain, bidea herritarrekin egin nahi dugu. Guk ez dugu ahotsik hedabide handietan, ez dugu erakunde nagusien babesik. Prozesu honetan guztian jendea izan da gure aliatu nagusia, eta sentitzen duguna da jenderik gabe gureak egin duela.

Orain aste batzuk ehunka lagunek eman zizuten babesa publikoki, plazan egin zuten agerraldian. Horrek indarra eman al dizu?

Bai, noski. Orokorrean ari gara babes handia jasotzen, baina bakoitzarentzat berezia da norbere herrian hain babestuta sentitzea. Ilusioa egin zidan hainbeste jende ikusteak.

Eneko Herrian babes taldea ere sortu dute. Zer esan nahi du talde horrek zuretzat?

Oso lan polita ari dira egiten, oso gertu sentitzen ditut lantaldeko kideak, eta egiten duten guztia nirekin kontrastatuta egiten ari dira. Zentzu horretan, zainduta eta errespetatuta sentitzen naiz. Oso harreman ona dugu elkarrekin, eta benetan eskertu nahi diet egiten ari diren lana.