Disko berria kaleratu du Baserriko Ollaxkue Labien musika taldeak

Uztarria.eus 2019ko abu. 28a, 19:31
Baserriko Ollaxkue Labien. (Lokatza Produkziyuek)

113 bala izeneko diskoa kaleratu berri du Azpeitiko punk taldeak, eta dagoeneko salgai jarri dute, sei eurotan. Guztira, bederatzi abesti jaso dituzte bertan. 

Ez dira isilik eta geldirik egotekoak Baserriko Ollaxkue Labien punk taldeko kideak, eta entsegu lokalean sartuta egoteaz gain, kantuak sortzen aritu dira azken boladan. Orain, disko berria kaleratu dute, 113 bala izenekoa. 

Gaur egun Andoni Olaizolak (ahotsa), Gorka Iriartek (bateria eta koruak), Eneko Etxeberriak (baxua eta koruak) eta Alex Margüellok (gitarra eta koruak) osatzen dute Baserriko Ollaxkue Labien taldea. Apirilean eta maiatzean grabatu zituzten sortutako abestiak Oiartzungo Ugaldetxoko eskoletan, Aitor Apurturen eskutik. Hark egin zituen nahasketak ere, ekainean zehar. Teletetxo Rekordsek eta Mal Mai Rekordsek ere esku hartu dute 113 bala diskoaren ekoizpenean. 

Baserriko Ollaxkue Labien taldeko kideek punk doinuz betetako bederatzi abesti jaso dituzte kaleratu berri duten diskoan, eta honako hauek dira: Sutu elizak, 113 bala, Dena iluntzerakoan, Kutsatuta zaude, Vas a morir, Primus turistificasti me, Garaiak aldatu dira, Azpeiti desegin eta Ultimos makarras. 

Diskoak eskuragarri daude dagoeneko sei eurotan, eta Azpeitian Urtzi tabernan eskura daitezke. Disko bakoitzaren salmentatik euro bat Krisiaren Seme-alabak taldearentzat izango da, beren proiektua hauspotu dezaten. 

Taldean sinetsi dutenei eskainia

Baserriko Ollaxkue Labieneko kideek disko berria taldetik igaro diren guzti-guztiei eskaini nahi izan diete, baita era batera edo bestera beren ekarpena egin dutenei nahiz taldean sinetsi duten guztiei ere: "Zuen erotasunari eutsiz, normaltasunaren gainetik aurrera egiten duzuenontzat, inoren agindupean borroka egiten duzuenontzat, bidean gelditu direnentzat... horientzat guztientzat da disko hau. Zuek argitzen duzue bidea".