Hiart Arrizabalaga: "Ur azpian praktika sexualak ikustea tokatu zait"

Uztarria.eus 2019ko abu. 27a, 13:01
Arrizabalaga, igerilekuan.

Igerilekuko soroslea da Hiart Arrizabalaga, eta hari egokitu zaio Uztarria herri aldizkariaren 219. zenbakian Erotikan Plax! ataleko galderei erantzutea.

Zure lanari dagokionez, zerk berotzen zaitu gehien?

Norbere gorputzarekin inoiz baino gertuago eta gardenago egoteak.

Nola ligatzen da igerilekuan?

Norbere buruarekin gustura eta seguru sentituta; arropekin edo gabe.

Soroslearen eserlekutik begiratuta, nola gozatzen dute herritarrek?

Lasaitasun bila etortzen dira denbora librean, eguneroko errutinatik eta buruhausteetatik ihesi.

Zaintza ardurak dituzu igerilekuan. Sorosle gisa, nola zaintzen zara zu?

Fisikoki, kirola eginez. Psikologikoki, gogorragoa da, baina beharrezkoa askotan. Larrialdietan odol hotza izateak laguntzen du.

Harremanetan, ur handietan edo txikietan?

Ur handietan gehiago sartzen naizela esango nuke.

Maitasun kontuetan, zertarako eskatuko zenuke laguntza?

Nire horren desberdin pentsatzen eta erreakzionatzen duten pertsonak ulertzeko.

Bizitzan: noiz aterako zenuke bandera berdea? Eta noiz gorria?

Norbere bizitza eta besteena errespetatzen dituenari aterako nioke berdea; hori egiten ez dutenei, gorria.

Etorkizunean, igerileku nudista ikusiko al dugu herrian?

Oraindik ibilbide luzea eta lan asko ditugu egiteko.

Zerk itotzen zaitu?

Jendeak nire mugak zirikatzeak.

Igerilekuko txoko pizgarri bat?

Jakuzzia.

Zeharkaldi luzea edo motza nahiago?

Aukeran, motza nahiago. Zertarako luzatu luzatzeagatik?

Izotzak urtzeko moduko zerbait?

Bi muturretara eramanda: haserre handi edo plazer handi batek.

Udako jaki erotiko bat?

Txokolatezko helatua, baina ez tarrinakoa.

Igerilekuan anekdotarik?

Tentsio sexuala pizten da askotan. Ur azpian praktika sexualak ikustea tokatu zait.