Reala nagusi, Euskal Herria Koparen finalean

Uztarria.eus 2019ko abu. 24a, 20:46

Realeko neskek nagusitasun osoz irabazi dute gaur, abuztuak 24, Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian Athleticen kontra jokatu duten Euskal Herria Koparen finala. Aurtengoa kopa horren bederatzigarren edizioa izan da, eta azken urteetako boladari ezin izan dio eutsi talde zuri-gorriak; izan ere, azken sei urteetan jarraian irabazi zuen Athleticek Euskal Herria Koparen finala, Realaren kontra –Realak bigarren aldiz irabazi du kopa; 2012an lortu zuen aurreko garaipena–. 3 eta 0 irabazi du Realak, partida osoan zehar nagusi izanda.

Lehen zatian ia erabakita gelditu da partida: bi gol sartu ditu Realak. Lehen gola 31. minutuan egin du Maddi Torrek; bigarrena, berriz, 38. minutuan sartu du Nahikari Garciak. Bigarren zatian saiatu da Athletic partidari buelta ematen, baina ez izan du ezer egin. Are gehiago, Leire Bañosek talde zuri-urdinaren hirugarren gola sartu du, urrunetik egindako jaurtiketa bat tarteko. Partida gisa horretan bukatu da, eta gogotik ospatu du garaipena Gonzalo Arkonadak gidatutako taldeak.

Hain zuzen ere, zelaiaren erdian egin dute sari banaketa ekitaldia Euskal Herria Kirolako ordezkariek. Haiekin batera izan dira berdegunean Lagun Onak futbol taldeko presidente Iñigo Arregi, Azpeitiko alkate Nagore Alkorta, Euskadiko Futbol Federazioko presidente Luis Mari Elustondo, Jon Redondo Eusko Jaurlaritzako Kirol zuzendaria, Kike Zurutuza Euskal Herria Kirolako kidea, Mikel Troitiño Euskal Herria Kirolako presidentea eta Juan Luis Larrea Gipuzkoako Futbol Federazioko presidentea. Horiek banatu dituzte sariak, eta Aparteko Jokalariaren sariari dagokion oroigarria Realeko Nahikari Garciak eskuratu du. Ondoren, Athleticeko ordezkariak jaso du garaikurra, eta segidan Realak Euskal Herria Kopari dagokion kopa. Ondoren, jokalari guztiei dominak banatu dizkiete.

Realako nahiz Athleticeko zale ugari izan dira Garmendipe futbol zelaian; guztira, mila lagun inguru izan ziren partida ikusten.

Hona hemen, gaurko partidako irudi batzuk (Argazkiak: Uztarria, Reala eta Athletic):