Ilazki Lili: "Dinagu proiektuaren ardatza da indarrak batzea eta gure lanentzat erakusleiho komunak aurkitzea"

Uztarria.eus 2019ko abu. 23a, 13:46
Dinagu proiektuko lau kideak; eskuinetik bigarrena da Lili. (Dinagu)

Dinagu proiektua jarri dute martxan lau gazte sortzailek, eta horietako bat da Ilazki Lili (Azpeitia, 1987). Donostiako Gabonetako azokan izandako esperientziaren harira, erakusleihoak partekatzeko helburuz sortu dute Dinagu. Bertan eta eskuz askotariko produktuak egiten dituzte, eta horiei balioa eman nahi diete, hain gora-beheratsua den sormenaren merkatuan. "Merkatu ereduak elkarren konpetentzia garela sinetsarazi nahi badigu ere, guk elkarrekin indartzen eta aberasten garela usten dugu", esan du Lilik.

Bi urte dira Biziki marka sortu zenuela. Zer moduzko esperientzia izaten ari da?

Airean pasatu diren bi urte izan dira. Esperientzia polita izaten ari da. Buruan aspalditik neukan ideia zen arropa marka bat sortzearena, eta gustuko nuen horretan lan egitea erabaki nuen. Ederra da maite duzun horretan jardutea, batez ere, jendeak zuk sortzen duzun hori gustuko duela eta baloratzen duela ikustea. Dena den, horrelako proiektu bat martxan jartzeak denbora asko eta dedikazio handia eskatzen ditu, eta lan karga guztia zuk zeuk bakarrik ongi eramatea gogorra ere bada.

Orain, berriz, Dinagu proiektua jarri duzue martxan lau emakume sortzailek. Zer dela eta?

Dinagu lau kidek osatzen dugu: Agara Agirre usurbildarrak, Edurne Kortabarria aramaioarrak, Maialen Irastorza oiartzuarrak eta nik. Agarak autore bitxigintza egiten du; Mari Matraka izenpean, Edurnek emakume errealen gorputzak ilustratzen ditu euskarri ezberdinetan; Maialenek poltsak eta motxilak egiten ditu –Maixala da bere marka–; eta nik Biziki izena daramaten jantziak egiten ditut. Artisau produktuak dira guztiak.

Donostian, Urumea ibaiaren ondoan egiten den Gabonetako Azokan postua partekatzeko elkartu ginen. Agarak eta biok elkar ezagutzen genuen aurretik, eta postu bat elkarbanatu nahi genuen, baina lan karga ikusita, beste bi sortzailerekin elkartzea erabaki genuen. Lauron artean denda itxurako postu bat atondu genuen gure produktuak nahasita, eta Dinagu izena hartu zuen. Gabonen ostean, azokaren balorazioa egitean, elkarrekin lanean jarraitzeko gogoa azaldu genuen laurok. Talde ona osatzen genuela ikusi genuen, ondo konektatzen genuela elkarrekin, elkarri laguntzen geniola, eta elkarrekin indartzen ari ginela. Hori ikusita, proiektu berriei heltzea erabaki genuen. 

Zein da Dinagu proiektuaren helburua?

Proiektuaren ardatza da indarrak batzea eta gure lanentzat erakusleiho komunak topatzea, horretarako salmenta eta ikusgarritasun espazioak elkarbanatuta. Gutariko bakoitzak bere arloan egiten du lan, bakoitzak bere marka propioa du, eta norbere sortze-espazio ere bai. Produktu guztiak eskuz eginda daude, eta produktuak sortzen direnetik bezeroarengana iritsi arteko ibilbide osoa zaintzeari eta mimatzeari ezinbesteko garrantzia ematen diogu.

Gaur egungo merkatu ereduak elkarren konpetentzia garela sinetsarazi nahi badigu ere, guk elkarrekin indartzen eta aberasten garela usten dugu, bakarrik iritsi ezin garen lekuetara elkarrekin iritsi ahal garela uste dugu. Bidelagun izanik, elkarlanarekin ahalduntzen gara, eta Dinagu proiektuaren bidez hori da lortzen duguna. Izan ere, ikusi dugu azoketan zein saltokietan aurkitzen ditugun balditzak askotan ez direla gure beharretara egokitzen. Ekimena hartuta eta elkarren babesean, azoketara batera aurkez gaitezke edo salmentarako espazio propioak bilatu ahal ditugu. Horrela, lanerako baldintza hobeak lortzen ditugu, baita baldintza ekonomiko hobeak ere. Bestalde, kontsumitzailearen kontzientzia indartu nahi dugu, bertako produktuak kontsumitzera animatu nahi ditugu horiek; eta eskuz eginiko produktuen sormen-prozesuari balioa eman nahi diogu.

Jantziak eta osagarriak egiten dituzu zuk. Nola moldatzen zara horiek sortzeko? 

Sortze prozesu guztiaz neu arduratzen naiz: diseinuak marraztu, horientzat oihalak aurkitu, diseinuak oihalera pasatzeko patroiak egin, patroi horiek neurri ezberdinetan lortu eta josi. Hasieran, arropa pieza solteak egiten hasi nintzen: kimonoak, gonak, turbanteak, kamisetak... Dena den, horietatik haratagoko saltoa eman dahi nuen, sormenari leku gehiago eskainiz. Eta aurtengo udan, Lur izeneko nire lehen kolekzioa aurkeztu dut, zazpi modeloz osatutakoa. Urtean bi kolekzio sortzea da nire asmoa, baina horrek lan asko eskatzen du; gehiegi pertsona bakar batentzat. Beraz, joskuntza lanekin lagunduko didan tailer txiki bat aurkitu dut, eta horrek sormen prozesuari denbora gehiago eskaintzeko aukera emango dit.

Zein da zure inspirazio iturria? 

Kalean eta Interneten ikusten dudanaren bitartez inspiratzen naiz. Sare sozialetan sortzaile pila baten lanak jarraitzen ditut, arlo ezberdinetako sortzaileenak, eta horrek irudimena etengabe martxan izaten laguntzen dit. Atseden hartzean eta naturarekin kontaktuan egotean, orduan daukat irudimena freskoen; alegia, oporretan nagoenean. 

Azoketan eta ibili zara produktuak saltzen. Orain, berriz, erakuslehio bera partekatzen duzue Dinagu proiektuko kideok. Zer moduz doa proiektua? 

Pozik gaude. Getarian egin genuen Dinaguren aurkezpen festa, eta oso pozik gelditu ginen. Bi asteburutan egon gara Getariako Aterian pop up-ean. Eguraldiak ez digu asko lagundu bi asteburu horietan, baina hurbildu zaigu jendea, bai bertakoak, baita bisitariak ere. Zarautzen, berriz, abuztu guztian gaude. Denda polita gelditu zaigu, produktu eskaintza zabala dugu bertan, eta espazio atsegina sortu dugulakoan gaude. Zarautzen, gainera, beste bi emakume sortzaile ditugu gurekin: Maider Alzaga diseinatzailea eta Maria Altuna zeramista. Sei emakume sortzaileren produktuak aurkitu daitezke Dinagu & Lagunak izena eman diogun eta Zarauzko erdigunean dagoen espazio horretan. Hara ere ari da jendea gerturatzen, eta herritarrek interesa agertzen dute proiektua azaltzean.

Zer aurki daiteke zuen saltokian?

Jantziak, zilarrezko bitxiak, zeramika, poltsak eta motxilak, ilustrazioak... dena bertan egina. Badugu zer eskaini, egia esan.

Dinagu proiektuari dagokionez, zer helburu dituzue aurrera begira?

Buruan baditugu ideia ezberdin batzuk, baina momentuz, ez dugu azoka edo salmenta puntu berririk adostuta. Lau sortzaileren topalekua da Dinagu, proiektu bat daukagu komunean, baina bakoitzak bere marka propioa eta lan eremua dauzka. Gabonak eta uda partea dira guretzat data garrantzitsuenak. Data horien bueltan izango dira, ziurrenik, hurrengo berriak.

Sortzaile gazteak zarete. Erraza al da halako proiektuekin aurrera egitea?

Ez, ez da erraza. Lan eta denbora asko eskatzen duten proiektuak dira. Eta bakartiak oso. Merkatuan mugitzen asmatu behar duzu, egiten duzunari balioa ematen, modaren erritmo azkarrekin eta prezio baxuekin lehiatzen. Dinaguko lau kideoei bizipenak partekatzeko aukera eman digu elkartzeak, eta indartu egin gara elkarri eskaini dakiokeguna emanda eta proiektuak komunean proposatuta. Besteekin bizipenak konpartitu ditudanean ulertu dut horrelako proiektu bat martxan jartzea luzera begirako apustua dela, eta horrek beste perspektiba batekin lan egitera eraman nau. Ez dakit hemendik bizitzea posible izango dudan, baina egin ez izanaren harrarekin ez naiz geldituko behintzat.