Maialen Sudupe: "Oso gustura gelditu naiz Espainiako Txapelketan lortutako emaitza guztiekin"

Uztarria.eus 2019ko abu. 22a, 18:27
Maialen Sudupe Espainiako Txapelketan. (Izarraitz igeri elkartea)

Abuztuaren hasieran jokatutako junior eta absolutuen Espainiako Txapelketan ikaragarrizko balentriak egin zituen Maialen Sudupe (Azkoitia, 2002) igerilariak. Txiki-txikitatik aritzen da Izarraitz igeri elkartearekin igerian, eta bidea urratzen segitu nahi duela argi du. Uztarria.eus-ek Suduperekin hitz egin du.

Espainiako Txapelketan bi domina irabazi dituzu. Gustura al zaude lorpenarekin?       

Bai, oso gustura! Ez nuen horrelakorik espero; ezusteko galanta izan zen.

100 metro bizkar proban urrezko domina eskuratzeaz gain, marka pertsonala, klubeko errekorra eta Euskal Herriko 17 urtekoen errekorra ezarri zenituen. Espero al zenuen halakorik lortzea?

Ez, ez nuen espero. Lorpen horiek egin nituela ezin sinetsita gelditu nintzen.

Bost marka pertsonal ere lortu dituzu, baita Euskal Herriko bi errekor ere. Egindako lanetik zer azpimarratuko zenuke?

Egia esan, oso gustura gelditu naiz lortutako emaitza guztiekin. Baina zerbait azpimarratzekotan, bizkar estiloko frogak aipatuko nituzke.

Lan saio bereziak egin al dituzu Espainiako Txapelketaren atarian?

Ameriketako Estatu Batuetatik bueltatu bezain pronto, nire taldearekin hasi nintzen entrenatzen. Astean sei egunez entrenatzen dugu, egunean bi orduko igeriketa saioa eginez. Horrez gain, astean pare bat aldiz, uretatik kanpo ariketa desberdinak egiten ditugu indarra eta sasoia lantzeko.

Uztailean ere lan bikaina egin zenuen Euskal Herriko txapelketan. Hura Espainiako txapelketarako pizgarria izan al zen?

Bai! Aurretik nituen denbora gehienak hobetu nintuen Euskal Herrikoan; horrek asko motibatu ninduen ondoren falta zitzaizkidan pare bat asteetako entrenamenduei aurre egiteko.

Iazko urtea AEBtan igaro zenuen. Zer dela eta joan zinen hara?

AEBetara joatea txikitatik buruan izan dudan zerbait zen. Gauza berriak probatzeko gogotsu nengoen, eta abentura berri bat bizitzeko aukera paregabea iruditu zitzaidan. Sekulako zortea izan nuen; izan ere, bertan egon nintzen etxeko umeak ere igerilariak ziren, eta haiekin batera aritu nintzen talde batekin igerian.

Orain, zer txapelketa dituzu jomugan?

Orain oporretan nago, baina hurrengo denboraldiari begira, Espainiako Neguko Txapelketa dut lehenengo hitzordu garrantzitsua. Lehia hori Xixonen (Asturias, Espainia) izango da, azaroan.

Itsas zeharkaldietane ere parte hartu izan duzu. Zer dituzu nahiago ur irekietako lehiak edo igerilekuetakoak?

Biak ditut gustuko, nahiz eta oso desberdinak diren. Hala ere, igerilekuan pasatu dudan  denboragatik, ur irekietan baino esperientzia handiagoa dut horretan.

Zer alde dago bataren eta bestearen artean?

Bata, igerilekuan izaten da, eta bestea, itsasoan. Baina hori alde batera utzita, normalean, ur irekietako zeharkaldiak distantzia luzekoak izaten dira. Aldiz, igerilekuan proba motzagoak egiteko aukera duzu.

Aurrera begira, igeriketari dagokionez, jarri al diozu erronkarik zure buruari?

Momentuz, orain arte bezala, igeriketaz disfrutatzen eta igeriketaz ikasten jarraitu nahi dut; hau da, lanean gogor jarraitu eta egunetik egunera hobetu. Eta nola ez, jende berria ezagutu nahi dut eta abentura berriak bizi nahi ditut.