Gallardo Taldea erosi du KKR inbertsio funtsak

Uztarria.eus 2019ko abu. 21a, 14:50
Corrugados Lasao lantegiaren kanpoaldea.

Salerosketa dela eta, funts horrenak izango dira aurrerantzean, Corrugados Lasao eta Corrugados Azpeitia ere. Corrugados Lasaon elektrosoldatutako metalezko mallak ekoizten dituzte, eta 30 bat beharginek egiten dute lan gaur egun bertan. Corrugados Azpeitia, berriz, fundiziorako prestatutako lantegia da, baina itxita dago 2013az geroztik.

Kohlberg Kravis Roberts (KKR) Ipar Amerikako inbertsio funtsak Gallardo Balboa Taldea erosi du. Astelehenean eman zion Europako Batzordeak erosketarako baimena KKRri, eta beraz, funts horrenak izango dira aurrerantzean, Corrugados Azpeitia eta Corrugados Lasao ere. Espainiako hainbat tokitan ere baditu lantegiak Gallardo Taldeak, hala nola Asturiasen, Madrilen nahiz Extremaduran –egoitza soziala Jerez de los Caballerosen (Badajoz, Espainia) dauka–. Ez da Gallardo Taldeak KKRrekin harremanak izan dituen lehen aldia; izan ere, 2014an birfinantzazio akordioa egin zuten taldeak eta funtsak.

Corrugados Lasaon elektrosoldatutako metalezko mallak ekoizten dituzte; hainbat lan gatazka izan dituzte lantegi horretan, baina zabalik dago lantegia gaur egun. 30 bat beharginek egiten dute lan Lasao auzoan kokatuta dagoen lantegian. 2013ko abuztuan 68 langileetatik 38 kaleratu zituen Gallardo Taldeak.

Corrugados Azpeitia, berriz, fundizioko lantegia da, baina itxita dago 2013az geroztik; hain zuzen ere, 2011n hasitako lan gatazka luze baten ondorioz, urte hartako abuztuaren 7an Corrugados Azpeitiako langile guztiak kaleratu zituen eta enpresa itxi zuen Alfonso Gallardo Taldeak. Orduz geroztik izan dira Corrugados Azpeitia zabalduko ote zuten zurrumurruak; adibidez, Efe berri agentziak 2017ko martxoan jakinarazi zuen Gallardo Taldea lantegia berriz zabaltzea aztertzen ari zela. Dena den, ez zen halakorik gertatu.