Gorka Karapeto: "Norbere buruari jarritako helburu bat lortzeak beti ematen du poza"

Uztarria.eus 2019ko abu. 20a, 12:01
Gorka Karapeto 'Harroputza' bidea eskalatzen.

Ez da geldirik egoteko jaioa Gorka Karapeto (Azpeitia, 1981); izan ere, 9a mailako bide berri bat egin zuen joan zen abuztuaren 13an Ilarduian (Araba). Gauzatu duen maila horretako zazpigarren bidea da; azken biak 2015ean egin zituen –Estado critico eta Supernowa–. Lorpenarekin "gustura" da azpeitiarra, eta orain ere baditu begiz jota askotariko bide batzuk.

Harroputza izeneko 9a mailako bidea egin berri duzu. Gustura al zaude lorpenarekin?

Bai, oso gustura. Izan ere, norbere buruari jarritako helburu bat lortzeak beti ematen du poza.

Aspaldian eskalatu al zenuen 9a mailako biderik?

Aspaldian ez nuen egin, ez; azkena egin nuenetik hiru bat urte pasatu dira. Hala ere, beste maila batekoak izanagatik garrantzitsuak izan diren beste bide asko egin ditut.

Zer esan nahi du uneotan 9a mailako bide bat egin izanak zuretzat?

Uneotan motibazio bat da, sasoi onean ikusten naizelako eta nire onena ematen segitu dezakedala erakusten didalako.

Jopuntuan al zenuen Harroputza bidea?

Bai, lehenagotik neukan buruan uda honetan bide hori egiten saiatuko nintzela.

Udan egin duzu bidea. Zergatik?

Harroputza dagoen tokia ipar aurpegi bat da. Beste hainbat lekutan udan beroa pasatzen bada ere, sasoi horretan oso fresko egotea ahalbidetzen duen lekua da Harroputza bidea. Oso garai ona da orain bertan eskaltzeko.

Iker Pouk irekitako bidea da. Zer moduzkoa iruditu zaizu?

Hala da, bai. Pouk esaten duen bezalaxe, helduleku txiki asko dituen bidea da, hatzetako indarra eta erresistentzia handia eskatzen dituena. Haitza kalitatezkoa da, kareharri oso ona.

Zer du berezia Harroputzak?

Bidea ederra eta erakargarria da. Horrez gain, ordea, lekua asko gustatze zait; oso toki lasaia da Ilarduia.

Egin duzun 9a mailako zenbagarren bidea izan da?

2008an lortu nuen lehena egitea: Sistematik ihes (Aizpun, Nafarroa). Hau, berriz, maila horretan gauzatu dudan zazpigarrena izan da.

Beste biderik ba al duzu begiz jota?

Bai, bat baino gehiago ditut buruan. Batzuk maila altukoak dira, kirol eskaladako moldalitatekoak; eta beste batzuk, alpino modalitatekoak. Horiek maila baxuagoa badute ere, konpromiso handia eskatzen dute. Alpeetatik bueltatu berri naiz, eta bide eder bat eskalatu berri dugu Suitzan: Magic Mushroom izeneko 7c+ mailako bidea, Eiger mendian. Unai Mendia eskalatzaile iruindarrarekin batera egin nuen bidea joan zen abuztuaren 17an, eta hamabi ordu behar izan genituen horma egiteko.