Mendiak elkartuta

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko abu. 11a, 11:56

Gero eta gehiago dira mendian korrika ibiltzen diren herritarrak. Haietako 40 bat lagunek taldea osatu dute, lasterka egitera elkarrekin joateko. Ihintza Elustondo kazetariak talde horretako kide batzuekin hitz egin du, 2019ko uztaileko Uztarria aldizkarian argitaratutako erreportaje honetarako.

Artzai Ostolaza, Nerea Azpiazu, Oskar Alkorta, Ibai Etxeberria eta Josu Imaz, Xoxoteren magalean. (Ihintza Elustondo)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Oñatz aldean, Arauntzaren magalean nahiz Xoxotera bidean, gero eta jende gehiago ibili ohi da lasterka. Batzuentzako gailur horietan oinez ibiltzea bera ere nahikoa gogorra izango da, baina beste batzuk emozio gogorragoen aldekoak dira. Kopururik ezin esan, baina asko eta asko dira Azpeitian mendi lasterketetan aritzen direnak. Zenbaitek beraien kabuz entrenatzen dute; beste batzuek, ordea, kuadrillatxoa osatu dute, nahiago dutelako norbait ondoan izan kirola egiterakoan. Bigarren aukera horren aldekoak dira Izarraitz taldeko kideak. Guztira, 40 bat lagunek osatzen dute taldea, eta haietako bost kide dira Artzai Ostolaza (Angelu, 1977), Oskar Alkorta (Aizarnazabal, 1977), Ibai Etxeberria (Azpeitia, 1989), Josu Imaz (Beasain, 1987) eta Nerea Azpiazu (Azpeitia, 1976).

Ostolazaren izenak –Artzai– adierazten duen moduan, bera da artaldearen gidaria; bera izan zen taldearen sortzailea. 2014. urtean kokatzen da hasiera: "Urte hartan Ehunmilak ultratraila egin nuen, eta Zestoako bi lagunekin prestatu nuen lasterketa. Dena den, proba egin ostean, bi pertsona horiek esan zidaten hurrengo urtean ez zutela egingo. Orduan, bakarrik gelditu nintzen, eta Iñigo Orbegozo Txitxasi esan nion ea talde bat osatuko al genuen". Hala, Whatsapp talde bat egitea erabaki zuten.

Hasieran, bost kide baino ez zituen taldeak, baina pixkanaka, hazten joan da. Mendian ibiltzen direla dakiten herritarrak gonbidatu ohi dituzte, eta horrela, ahoz ahokoari esker, joan da mardultzen taldea. 23 urteko hiru gazte dira azkena Izarraitzera batu direnak. "Bakarrik entrenatzen duen jende asko dago Azpeitian, eta taldeak balio izan du horiek batzeko", azaldu du Ostolazak.

Haren arabera, jende askok uste du "eliteko" kirolarien taldea dela Izarraitz, baina argi utzi nahi izan du hori ez dela horrela: "Denetarik dago taldean, maila eta adin guztietako jendea". Hori bai, bada ezberdintasun nabarmen bat; hiru baino ez dira emakumeak: Maite Etxezarreta, Jone Urkizu eta Nerea Azpiazu. Azpiazuk horretan jarri nahi ditu indarrak. "Emakume gutxi daude gure taldean, eta gehiago anima daitezen nahiko nuke. Izan ere, herrian badaude mendian ibiltzen diren emakumeak".

Irteerak, norbere nahien arabera

Taldeko kideak prestatzen ari diren proben araberakoak izaten dira egiten dituzten irteerak: batzuetan luzeagoak, eta besteetan motzagoak. Taldeko kide askok Ehunmilak eta G2H probak egiten dituzte, eta horregatik, abenduan hasi eta udan bukatu ohi dute denboraldia. Dena den, badira proba laburragoen aldekoak ere. Horregatik, bakoitzak bere asmoak Whatsapp taldean idazten ditu, eta norbaiti interesatzen bazaio, harekin batera joaten da entrenatzera. Ordutegiaren araberakoak ere izaten dira planak. Etxeberria eta Azpiazu, esaterako, 06:00etan joaten dira askotan lasterka egitera.

Astean zehar ohitura handiagoa dute bakoitza bere erara ibiltzeko, lana tarteko ez zaielako erraza egiten elkartzea. Asteburuetan, ordea, talde polita batu ohi da, batera edo bestera joateko. Gainera, plan bereziak ere egiten dituzte: iaz, esaterako, Xoxote Xtreme proba egin zuten beraien artean, eta aurten ere egingo dute. Plazatik Xoxotera igo eta jaitsiko dira taldekideak bikoteka, eta joan-etorria azkarren egiten duten lasterkariak izango dira irabazleak. Kirolarekin zerikusirik ez duten kontuek ere badute lekua taldekideen agendan: "Bazkariak eta afariak ere egiten ditugu, eta ederki pasatzen dugu elkarrekin", erantsi du Alkortak. Kiroletik ez ezik, kuadrillatik ere badu, beraz, Izarraitz taldeak.

Elkarrizketatutako bost mendizaleen artean bi baino ez dira Azpeitian jaioak, eta hori ez da kasualitatea. Etxeberriaren arabera, "integratzen lagundu" dio hainbat pertsonari taldeak. "Kanpotik etorritako jendeari herria eta jendea ezagutzen lagundu dio taldeak. Horregatik, taldeko asko ez dira azpeitiarrak". Alkorta da haietako bat; Aizarnazabaldik Azpeitira etorria. "Lehen familiarekin ateratzen nintzen kalera, baina ez nuen jende asko ezagutzen herrian. Taldeari esker, kuadrillatxoa egin dut".

Lagunak egiteko ez ezik, beste hainbat gauzatarako ere balio izan die taldeak Izarraitzeko kideei: lasterketen inguruko informazioa jasotzeko, inguruko bazterrak ezagutzeko, zer elikagai hartzea komeni den ikasteko, egoera bakoitzean zer jantzi jakiteko... Berez, kirol bakartia da korrikalariena, eta badu alde on hori ondoan beste kide batzuk izateak: elkarrengandik ikasteko eta edozein zalantza argitzeko balio die taldeak korrikalariei.

Halako lasterketak, gehiegizkoak?

Ehunmilak eta antzeko lasterketek badute oso gogorrak izateko ospea. Hainbat egun eman ohi dute korrikalariek lasterka, ia lorik egin gabe. "Jendearentzat erokeriak dira halakoak, baina niretzat proba hori egitea baino sakrifikatuagoa da egunero entrenatzea", dio Imazek. Ostolazak azaldu du sekula ez duela Ehunmilak amaitzean bezalako pozik sentitu. "Batzuetan zonbi itxura hartzen duzu, itzalak-eta ikusten hasten zara proban zehar... Baina niri Ehunmilak bukatzeak bakarrik eman dit halako satisfazioa".

Etxeberria, berriz, muturreko lasterketa horien "pixka bat" kontrakoa da. "Nik horrelako proba luzeak ez ditut egin. Ni gehiago betetzen nau 24 ordu mendian ibili eta ez dakit zenbat kilometro egiteak baino, bi ordu topera egiteak. Lasterketa luzeak egiten dituztenei meriturik ez diet kendu nahi, baina iruditzen zait jendeak sekulako distantzia luzeak egiten dituela, eta agian, azken kilometroak ezinean. Eta hori ohikoa bihurtzen ari da".

Beraien artean iritzi ezberdinak dituzte zenbait kontutan, baina mendian denak ederki ulertzen dira. Maila, adin eta gustu ezberdinak izanagatik, elkarrekin urratsak egiten jarraituko dute inguruko mendietan.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu