Begoña Beobide: "Ziurgabetasuna ekarri du globalizazioak"

Uztarria.eus | Ekonomia
2019ko abu. 9a, 11:54

Iraurgi Berritzeneko zuzendaria da Begoña Beobide azpeitiarra agentziaren sorreratik. Azpeitiaren nahiz eskualdearen garapen sozioekonomikoa izan ditu hizpide 2019ko uztaileko Uztarria aldizkarian, Anartz Izagirre kazetariak egindako elkarrizketa honetan.

Begoña Beobide, lantokian. (Anartz Izagirre)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Krisi betean heldu zion Begoña Beobidek (Azpeitia, 1973) Iraurgi Berritzen garapen agentziako zuzendaritza karguari, urte asko atzerrian eman ostean. Haren arabera, hastapenak ez ziren samurrak izan, baina egungo egoera ikusirik, ez du dudarik saiatzeak merezi izan zuela.

Iraurgi Lantzen eta Loiola Berrikuntza erakundeen baturatik sortu zen Iraurgi Berritzen. Zergatik batura?

Bi erakundeek ibilbide ezberdina izan dute. Iraurgi Lantzen 1980ko hamarkadan sortu zen, eta Loiola Berrikuntza fundazioa, berriz, 2010. urtean. Sortu berria zenean heldu nintzen ni Loiola Berrikuntza fundaziora. Garai hartan, erakunde bakoitzaren helburuak desberdinak ziren; Iraurgi Lantzenek garapen sozioekonomikoa lantzen zuen, eta Loiola Berrikuntza fundazioak teknologia berrikuntza. Kontua da, lotura zuzena dutela bi kontzeptuek, eta hori izan zen bi erakundeak batzeko arrazoi nagusia; ez zuen zentzurik herrian bi erakunde lan bera egiten aritzeak. Horrez gain, enpresetatik esan ziguten bitartekari bakar bat nahi zutela, administrazio publikoko leihatila bakar bat, eta bi erakundeok elkarrekin kudeatzea enpresen eskariak. Bestalde, 2013. urtean krisi betean zegoen Azpeitia –%17,20ko langabezia tasa edukitzera iritsi zen– eta bi erakundeek indarrak batu beharra zutela ikusi genuen; eraginkortasuna erakutsi behar genuen, eta irudi bateratua eman. Hori dela eta, 2013. urteko uztailean Iraurgi Berritzen marka sortzea erabaki genuen.

Zein izan ziren Iraurgi Berritzenen lehenengo asmoak?

Iraurgi Berritzenek gure eskualdea eraldatzeko eta haren posizionamendu lehiakorra hobetzeko egiten du lan, eta garapena eta berrikuntza ditu ardatz. Urola Erdiko tokiko administrazioek sustatutako tresna den aldetik, bi harreman mota ditu: batetik, eskualdeko udalekin eta goi mailako administrazioekin; eta bestetik, eskualdeko herri administrazioekin eta eragile sozial eta ekonomikoekin. Bestalde, gure jarduerek erakunde publikoen eta pribatuen arteko lankidetza bideratzen eta sustatzen dute. Iraurgi Berritzen sortu genuenean, gure asmoa zen Urola Erdia eskualde berritzaile izaten jarraitzeko tresna izatea, balio erantsi handiko jarduerak egitea eta herritarren ongizate maila handitzea.

Zu aurrez Loiola Berrikuntza zentroan aritu zinen. Zerekin egin zenuen topo han?

2010ean, Loiola Berrikuntza fundaziora iritsi nintzenean, aurre-krisi egoeran geunden, eta beldurra ematen zidan lan ziur eta egonkor bat utzi eta entitate berri batera sartzeak, finantzaketa ziurtatu gabe zuen erakunde batera iristeak, hain zuzen ere. Dena egiteko zegoen orduan, eta erronka moduan hartu nuen lan hura. Egia da babes handia izan nuela, eta horrek asko lagundu zidan. Enpresen beharrak garai hartan oso ezberdinak ziren, eta nahikoa lan zuten enpresa mantentzen, garai latzak zirelako. Oso gogorra izan zen %17ko langabezia tasa genuen bitartean, garapen agentzia bat gidatzea; ordutik asko ikasi dugula iruditzen zait.

Ordukoarekin konparatuta, nolakoa da Iraurgi Berritzenen egungo egoera?

Gaur egungo egoera zeharo desberdina da, ez dauka garai hartako egoerarekin zerikusirik. 2013. urtean sortu zitzaizkigun arazoei konponbidea eman genien, eta Iraurgi Lantzen eta Loiola Berrikuntza fundazioaren arteko irudi komun bat ematea lortu genuen. Sei urte daramatzagu goranzko fase batean, eta Iraurgi Berritzen inoiz baino sendoago dago. 2015. urtean Zestoako Udala ere batu zen gure ekintzetara, eta gaur egun, hiru udalerri batuta –Azpeitia, Azkoitia eta Zestoa–, irudi sendoagoa ematen dugu. Gure lana oso serio hartzen dugu, eta kudeaketa aldetik eraginkorrak gara; hori erakusten ari gara. Gaur egun, erakunde oso egonkorra da Iraurgi Berritzen.

Herri guztietan ez dago garapen agentzia bat. Zer garrantzi du herrian horrelako agentzia bat izateak?

Nahiz eta herri batek garapen agentziarik ez izan, enplegu edo ekonomia teknikaria izan dezake. Udal batek ez badu eragileei eta enpresei bideratutako errekurtsorik, ezta garapen agentziarik ere, arlo pribatuen esku gelditzen da garapen sozioekonomikoa, eta elkarlana askoz zailagoa bihurtzen da halakoetan. Herri baten ongizatea bermatzeko oso garrantzitsua da garapen agentzia bat izatea.

Oraindik krisian gaudela diote batzuek, beste batzuek krisitik atera garela jada. Beste krisi bat datorrela ere esaten dute...

Guk une honetan ez dugu ikusten eskualdea krisi egoeran dagoenik, eta horretarako datuetan oinarritzen gara; langabezia tasa zenbatekoa den eta enpresak langileak eskatzen ari zaizkigun ala ez. Gaur-gaurkoz, bi datu horiek kontuan hartuta, ezin dugu esan krisi egoeran gaudenik. Confebasken datuei erreparatzen badiegu, 2019. urtean euskal ekonomia %2,5 haziko da eta krisia hasi zenetik hona galdutako enplegu guztia berreskuratuko da. Egia da hazkunde ekonomikoa apur bat moteldu egin dela, baina horrek ez du esan nahi krisi berri baten aurrean gaudenik. Hala ere, globalizazioak ekarri duen ziurgabetasuna nabaria da. Aldaketa geopolitikoek eta gerra komertzialek ekonomian duten eragina esanguratsua da, eta horrek ere ziurgabetasun handia sortu du. Garai batean, bost urteko plan estrategikoak egiten ziren; gaur egun, aldiz, bizpahiru urtekoak.

Hainbat alor jorratzen dituzue Iraurgi Berritzenen. Zertan datza zuen lana?

Iraurgi Berritzenen leloak Elkarrekin eskualdea eraldatzen dio; zer, nola eta zertarako galderei erantzuten die leloak. Gure lan jarduerak honako hauek dira: tokiko garapena, enpresa, hezkuntza, enplegua eta formazioa, ekintzailetza, turismoa eta merkataritza. Eskualdeko eragileekin elkarlanean egiten dugu lan, lankidetza publiko-pribatua bultzatzen dugu eta eragileekin hainbat proiektu sustatzen dugu. Eragile bakoitzak dituen helburuak desberdinak izan daitezke, baina lanean hasten zarenean konturatzen zara eragile desberdinen artetik proiektu komun asko sor daitezkeela. Tokiko garapen sozioekonomikorako elkarlana derrigorrezkoa da, eta eredu honekin oso eroso sentitzen gara.

Formakuntza aipatu duzu. Zer garrantzi du formakuntzak garapen sozioekonomikoan?

Garapenerako formakuntza ezinbestekoa da, eta datuek ere hala erakusten dute. Formakuntzarik gabe lehiakortasuna eta garapena bultzatzea oso zaila da; hezkuntzak, formakuntzak eta lehiakortasunak lotura estua dute. Ahalegin berezia ari gara egiten langabetuen eta langileen artean formakuntza sustatzeko. Gaur egun, etengabeko formakuntzara ohituta gaude herritarrok, eta guretzat hori da jarraitu beharreko bidea. Langabezia tasak aztertzerakoan ere argi eta garbi ikusten da formakuntza faltak zerikusi zuzena duela lanik ez izatearekin.

Zeintzuk dira eskualdeko erronkak garapenari dagokionez?

Balio partekatua da Urola Erdiko erronka nagusienetako bat gure ustez. Alde guztiek irabazi behar dute, eta elkarlanerako prozesuak bideratu behar ditugu balio partekatua sortzeko. Gobernantza eredu berriak garatzea ere oso garrantzitsua da; eragileekin elkarlanean aritzea da, adibidez, gobernantza eredu berrietako bat. Azpeitiko Udalak Sustapen Planean diru sail bat eskaintzen badu, zenbateko hori benetan gastatu nahi duelako da, eta diru hori modu eraginkorrean gastatu nahiko du. Kasu horretan, bi aldeek irabazten dute, bai enpresek, bai udalak. Balio partekatuaren kontzeptu hori zabaldu egin behar dugu eskualdean. Bestalde, jasangarritasuna ere erronka garrantzitsua da. Ekonomia zirkularra eta bio-ekonomia sustatu behar ditugu, eta erronka horri ahal bezain pronto heldu behar zaio.

Zein uste duzu direla Azpeitiaren indarguneak eta hutsuneak garapenari dagokionez?

Indarguneei dagokionez, oso garrantzitsua izan da Azpeitiko Udalak garapen sozioekonomikoari eta enpleguari emandako babesa. Gainera, eskualdean dugun Izarraitz Lanbide Heziketa zentroa ere indargune garrantzitsua da Urola Erdiarentzat, industriara bideratutako ziklo berriak lortu baititu eta indarra hartzen ari baita. Bestetik, unibertsitaterik ez dugun arren, oso garrantzitsuak iruditzen zaizkit udalak Deustuko Unibertsitatearekin eta IMHrekin egindako hitzarmenak. Enpresek dituzten beharretara egokituta, beraiekin elkarlanean formakuntza ematen ari gara, adibidez, kudeaketa arloan. Horrez gain, gizarte kohesioa eta azpeitiarrok herriarekiko dugun lotura ere aipatuko nituzke indargune nagusi moduan. Hutsuneei dagokienez, langabezian dauden pertsonen heziketa maila kronifikatzen ari da; derrigorrezko ikasketak bakarrik dituzten langabetuak %72 dira. Enpresek eskatzen dizkiguten profilak ezin topatuta gabiltza, langabetuak profil baxukoak direlako edo ez dituztelako enpresek eskatzen dituzten baldintzak betetzen. Horrez gain, faltan sumatzen dut talentua erakartzeko estrategia komun bat; eskualdea erakargarri egin behar dugu garraio azpiegiturei, zerbitzuei eta etxebizitza politikei dagokienez.

Herriko langabezia tasa asko jaitsi da azken urteotan. Zein da egiten duzuen irakurketa?

2013. urtean %17,20ko langabezia tasa izatera iritsi ginen Azpeitian. 2019. urtean, berriz, %8 ingurukoa da. Beraz, asko jaitsi da langabezia tasa. Iraurgi Berritzenek honako irakurketa hau egiten du: langabezian dauden pertsonak derrigorrezko ikasketak bakarrik dituztenak dira gehienbat (%72 dira Urola Erdian). 45 urtetik gorakoen artean hori argi ikusten da. Langabeziak kolpatutako beste kolektibo bat emakumeena da; ezberdintasun handia dago emakumeen eta gizonezkoen langabezia tasaren artean. Maiatzeko datuen arabera, Azpeitian, gizonezkoen langabezia tasa %5,5ekoa izan zen, eta emakumeena, %9,6koa. Beraz, horren aurrean bi irakurketa nagusi egiten ditugu: batetik, datuek beste behin erakusten dute formakuntzak eragin zuzena duela lana topatzeko orduan; eta bestetik, langabeziak emakumeei gehiago eragiten die eta bereziki, derrigorrezko ikasketak bakarrik dituzten emakumeei. Beraz, emakumeak industriara bideratzea da gure asmoetako bat.

 

 

Lanaren kalitateak kezkatzen al zaituzte?

Asko kezkatzen gaitu lanaren kalitateak, eta gai horren inguruan hausnartzeko asmoa dugu. Lanaren kalitatea aztertzeko garaian, Europako parametroak hartzen ditugu kontuan; lan baldintzak nolakoak diren, lanpostua langilearen formakuntzarekin eta kualifikazioarekin lotuta al dagoen eta enpresak langileari garapen profesionala eta bizitza pertsonala nahiz profesionala uztartzeko aukera eskaintzen al dion. Guk ditugun datuen arabera, kalitatezko enplegu gehiena industrian dago, eta kalitaterik eskaseneko lanpostuak, berriz, ostalaritzan eta merkataritzan. Kontuan izan behar dugu Urola Erdia dela, Goierriren ondoren, industriak indarrik handiena duen bigarren eskualdea Gipuzkoan. Lanaren kalitatea eta industriak eskualdean duen pisua kontuan hartuta, herritarrak industriara bideratu nahi ditugu, eta horretarako hainbat programa ditugu, Bidelan deiturikoa, adibidez.

Langabeziak gazteengan eragin handia duela esan ohi da. Nola ikusten duzu egoera?

Langabeziak gazteei asko eragiten diela esan ohi da, baina eskualdeko datuek ez digute hori erakusten. Gure irakurketa da, badagoela langabezia gazteen artean, baina ez duela eragina gazte izateak, baizik eta formakuntzarik ez izateak. Urola Erdian, unibertsitate ikasketak edo Lanbide Heziketako zikloak dituzten 25 urtetik beherako gazteen artean, %1ekoa da langabezia tasa. Aldiz, derrigorrezko ikasketak dituzten 25 urtetik beherako gazteen artean, %5ekoa da langabezia tasa. Hor argi ikusten da derrigorrezko ikasketak bakarrik dituztenen eta langabetuen artean dagoen korrelazioa.

Unibertsitate ikasketak ala Lanbide Heziketa, zein uste duzu dela eraginkorrena Azpeitian lan egiteko?

Bai unibertsitate ikasketak, bai Lanbide Heziketa, biak iruditzen zaizkit garrantzitsuak. Hori bai, Azpeitian lana egiteko industriara bideratutako ikasketak dira eraginkorrenak. Unibertsitate ikasketei dagokionez, zientziarekin, teknologiarekin, ingeniaritzarekin eta matematikarekin lotura duten ikasketak dira eraginkorrenak, eta Lanbide Heziketan, industriara bideratutako zikloak. Ez nuke bien artean bata edo bestea aukeratuko, biak baitira garrantzitsuak. Hemendik aurrera, gaur-gaurkoz imajinatzen ez ditugun lan eskaintza batzuk etorriko direla iruditzen zait, eta Lanbide Heziketak eta unibertsitateak egokitu egin beharko dute behar berrietara.

Azpeitiko Udalak martxan jarritako Ekonomiaren Sustapen Planak izan al du eraginik herriaren garapenean?

Noski, Sustapen Planak eragin handia izan du herriaren garapenean, eta bereziki, enpresa txikien eta ertainen garapenean. Krisi garaian, Sustapen Plana enpresa handiei, txikiei eta ertainei zegoen zuzenduta, eta enpresa handientzat ere oso garrantzitsua izan zen dirulaguntza hori. Hainbat enpresak apustu garrantzitsuak egin dituzte digitalizazioaren arloan dirulaguntza horiei esker.

Herriko hainbat enpresa itxi dira azken hamarkadan. Nolakoa da egun dugun egoera?

Azpeitian ditugun enpresak txikiak dira gehienbat. 1.182 mikroenpresa daude, 92 txiki eta 14 ertain. Egurraren sektorean izan du eragin nabarmenena krisiak. Krisialdiaren aurretik egurraren sektorean hiru behargin ari baziren lanean, gaur egun bakarrak jarraitzen du. Sektore horri lotutako enpresa txiki asko itxi dira azken urteotan.

Zein dira enpresen erronka nagusiak gaur egun? Eta  merkatarienak?

Sektore eta enpresa bakoitzak bere erronka propioak izan ohi ditu. Dena den, guztiek nabarmentzen dute ondo formatutako langileak behar dituztela, bereziki, profil teknikoa dutenak. Digitalizazioak enpresei ekar diezazkiekeen onurak ere ikertu egin beharko lirateke. Bestalde, balio partekatua sortzeko bideak irekitzea ere oso garrantzitsua da, baita hornitzaileek eta bezeroek elkar aliatu gisa ikustea ere. Merkataritzari dagokionez, Internet ezin da saihestu, eta merkatariek aurkari moduan baino aukera moduan ikusi beharko lukete sarea. Horrez gain, bertan bizi garen herritarroi balio erantsi bat ematen asmatu beharko luketela iruditzen zait, Interneten erosi beharrean, herrian bertan eros dezagun.

Ekintzailetasuna pil-pilean egon zen duela urte batzuk. Nola ikusten duzu kontzeptua?

Krisi garaian sekulako garrantzia eman zitzaion ekintzailetasunari erakunde publikoetatik, hori sustatu behar zela zioten. Enpresa publikoak eta pribatuak enplegua sortzeko gai ez zirenez, jendea ekintzaile izatera bultzatu nahi zuten. Urola Erdian ekintzailetasuna oso lotuta egon da ostalaritzarekin, merkataritzarekin eta autoenpleguarekin. Gure apustua ekintzailetasun industriala eta teknologikoa bideratzea da, baita barne-ekintzailetza sustatzea ere, hau da, existitzen diren enpresetatik gauza berriak sortzea.

Nolako Azpeitia imajinatzen duzu hemendik hamar urtera?

Azpeitia harrera herri irekia izatea nahiko nuke, bertan bizi eta lan egiteko aukerak emango dizkidan herria. Nire ibilbide pertsonala eta profesionala osotasun guztiarekin garatzeko aukera emango didan herria izatea ere nahiko nuke. Enplegua sortzeko gai baldin bagara, gizarte kohesionatua eta egoera sozioekonomiko ona lortuko ditugu. Amesten ez dena, ezin da lortu, eta niri, amestea gustatzen zait.

Bidali:  

Erantzunak

Reflex | 2019-08-17 : 11:33

zein errexa dan danak pagauteko lanpostu batetik mensaje ultraliberalak eman eta lasai gerau. Azpeitiako patronaleko altaboza die hauek eta bada ordue ezertako baliyo ez deben txiringito hauek likidatzeko.

Kapi | 2019-08-18 : 11:20

Adegi girl´s
Adegiko neska alaiak.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu