Monika Iriarte: "Nabigatzaile autentikoak oso bohemioak dira"

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko abu. 7a, 18:03

Tabernako ardurak atzean utzi eta Getariako portuan lan egiten hasi zen duela hiru urte. Belaontzian Atlantikoa zeharkatzea du amets. Horrela kontatu dio Ane Olaizola kazetariari 2019ko uztaileko Uztarria aldizkarian, Zu zeu atalean.

Monika Iriarte. (Ane Olaizola)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Zer dela eta hasi zinen Getariako portuan lanean?

Aurretik, taberna bat izan nuen Zarautzen, eta hura itxi nuenean, patroi izateko titulua atera nuen Pasaian. Banuen itsasoarekin halako haserre bat, eta aurre egin behar nion horri. Egun batzuez Hondarribiko portuan lan egin ostean, Getarian hasi nintzen.

Zein dira zure egitekoak han?

Batetik, harrera egiten diet trantsituan dabiltzan bidaiariei. Bezeroei laguntzen diet itsasontziak lotzen, eta bulegoko tramiteak egiten dizkiet. Horrez gain, mantenu lanak ere egiten ditut.

Zer egitea gustatzen zaizu gehien?

Garabiarekin oso ondo moldatzen naiz. Itsasontzi bakoitzaren azpialdea desberdina da, eta beraz, bakoitzak bere lanketa behar du. Gainera, ontzia matxuratuta badago edo garbitu egin behar bada, lurrera atera behar da, baina oso konplexua da ondo egitea, itsasontziaren kroskoak ezin baitu lurra ukitu.

Nolako bezeroak dira Getariako portura joaten direnak?

Getariako portuan bertako 300 bat itsasontzi daude, eta trantsituan ibiltzen direnentzako beste eremu bat dago. Bezero horiek, batez ere, frantsesak izaten dira. Denetik dago, baina nabigatzaile autentikoak oso bohemioak izan ohi dira. Ordu asko igarotzen dituzte itsasoan bakarrik, eta asko pozten ditu harrera on batek. Lehorrekoak garenontzat ezezaguna da itsasoak inguratzen duena, baina jende asko mugitzen duen mundua da.

Tradizioz, gizonekin lotuta egon dira itsasoko lanak.

Hasieran, emakume bat portuko lanak egiten ikusten zutenean asko harritzen ziren. Batek baino gehiagok esaten zuen: "Neskek egin behar al dute orain lan hori?". Guk ere berdin-berdin egin dezakegu, ordea.

Horrenbeste itsasontziren artean, bateren batean joateko tentaziorik ez?

Belaontzian ozeanoa zeharkatzea nahiko nuke. Alisio haizeak aprobetxatu, eta eskarmentua duen kapitain batekin marinel moduan joango nintzateke. 22 bat egun behar dira ozeanoa zeharkatzeko, eta esperientzia hori bizi nahiko nuke, barruko arantza kentzeko bada ere.

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu