Gail Archer organo-jotzaileak kontzertua emango du gaur Loiolan

Uztarria.eus 2019ko abu. 6a, 12:30
Gail Archer. (Musika Hamabostaldia)

Donostiako Musika Hamabostaldiaren organo zikloaren barruan ariko da musikari estatubatuarra, 20:00etan. Ziklo beraren barruan, Tolosan egingo du emanaldia etzi Ignacio Arakistain azpeitiarrak.

Loiolara iritsiko da aurten ere Donostiako Musika Hamabostaldia. Gaur, 20:00etan hasita, Hamabostaldiaren barruan egiten den Organo Erromantikoaren barruko kontzertua entzuteko aukera izango da basilikan, Gail Archer AEBetako musikariaren eskutik. Bach, Schumann, Shatin, Howe, Slonimski edota Mussorgskiren piezekin osatutako errepertorioa eskainiko du Archerrek. Sarrera doan izango da.

Herriz herri dabil egunotan organo zikloa, eta atzerriko organo-jotzaileei ez ezik, etxeko musikari gazteei ere egin diete tokia egitarauan. Horietako bat da Ignacio Arakistain azpeitiarra. Musikenen ikaskide duen Mikel Ansola markinarrarekin batera kontzertua emango du Arakistainek etzi, osteguna, Tolosako Santa Maria parrokiako Stoltz Freres organoan; Durufle, Brahms, Franck, Bach eta Liszt konposatzaileen lanak joko dituzte. Loiolako gaurko saioa bezala, doan izango da Tolosakoa eta 20:00etan hasiko da.