2019ko santioak eta saninazioak

Giro onean igaro dira festak, Udalaren arabera

Uztarria.eus 2019ko abu. 3a, 14:15
Jendetza ibili da festetan.

Erakundeak adierazi duenez, jendetsuak izan dira santioak eta saninazioak. Eraso sexisten prebentziorako karparen nahiz telefono zerbitzuaren balorazio positiboa egin du Udalak, eta ez du aurtengo jaietan eraso "aipagarririk" izan denik jakin. Festetara lanera etorri eta aterperik ez zutenentzat gune bat jarri dute; egunero 50 bat lagun bildu dira bertan.

Bukatu dira saninazioak Azpeitian, eta Udalak festen balorazioa egin du: "Festak ondo joan dira; santioetan hasi eta saninazioak bukatu bitartean, ekitaldi jendetsuak izan dira herrian. Jende ugari ibili da kalean, eta gustura gaude, ohiko arazoez gain, beste ezer ez delako gertatu", adierazi du Mikel Odriozola zinegotziak. 

Uztailaren 25eko Baserritarren Egunean hasi ziren festetako egun seinalatuak, eta ordutik, bata bestearen atzetik, ia deskantsurik gabe, izan dira festa egunak. Ehun ekitaldi inguru izan dira Azpeitian azken hamar egunetan, eta jarduera horiek jendetsuak izan dira, Udalaren arabera: "Jende asko ibili da kalean eta ekitaldietan. Uztailaren 27 eta 28an egin zuen eguraldia dela eta, karting proba irailera atzeratu behar izan zuten, eta Umeen Egunean erraldoien kalejira moldatu egin behar izan genuen, baina azkenean dena egiteko aukera izan zen" zehaztu du Odriozolak. "Gustura " da zinegotzia festen ondoren, eta eskertzeko asko duela dio: "Eskerrak eman nahi dizkiet festak antolatzen ibili diren guzti-guztiei; Marea Arroxari, gainontzeko eragileei eta norbanakoei eta festak ondo joateko lanean aritu diren udal langile guztiei. Ezinbestekoa izan da guztien lana". 

Eraso "aipagarririk" ez

Festa giroan gertatzen diren eraso sexisten jakitun, arazo horren inguruko sentsibilizazio, informazio, aholkularitza eta lehen harrerarako karpa jarri dute Plaza txikian, hiru egunez. Idoia Arrizabalaga Parekidetasun zinegotziaren arabera, "beste behin ere ezinbestekoa" bihurtu da kanpaina. Jende asko joan da karpara, galdetzera, informazio eske zein esperientziak kontatzera: "Tamalez, festa giroan ere ohikoak dira erasoak, eta horri aurre egin eta festak libre gozatzeko kanpaina egiten saiatu gara. Karpara jende asko etorri da beren esperientziak kontatzera, eta herritarrek zerbitzu hori eskertzen dutela adierazi digute", esan du.

Aurtengoan ere ez du "eraso aipagarririk" gertatu denik jakin udalak: "Balorazio oso positiboa egiten dugu beste behin. Karpak, tabernariekin sortutako elkarlanak eta aurten jarri dugun zuzeneko telefono zenbakiak beren funtzioa ondo bete dutela uste dugu. Erasoei aurre egiteko eta herria sentsibilizatzeko balio izan du aurretik zein festetan egindako lanak", zehaztu du. Festak bukatuta, indarkeria matxistari aurre egiteko, hezkidetza programekin lanean jarraituko duela nabarmendu du Udalak. 

Inklusioa helburu

Festen bueltan, bi egitasmo berri jarri ditu udalak aurten martxan. Alde batetik, Marea Urdinarekin elkarlanean, aniztasun funtzionala duten pertsonek ere barrakez lasai goza dezazten, musikarik gabeko bi arrats izan dira: "Jendetza ibili da bi egunetan. Marea Urdinakekoak ere gustura agertu dira, eta aurrera begira, festa inklusiboagoak izateko lanean jarraituko dugu", adierazi du Odriozolak. Bestetik, festetara lanera etorri eta aterperik ez zutenentzat, oinarrizko beharrei erantzuteko gune bat jarri dute. Bertan, aterpea, koltxoiak, dutxak eta komunak eskaini dizkiete langileei, eta egunero 50 bat lagun izan dira bertan: "Erabiltzaileak oso eskertuta agertu dira. Proba gisa, lehen pausoa eman dugu, eta aurrera begira bide honetan lanean jarraituko dugu", adierazi du Josu Labakak.