2019ko santioak eta saninazioak

Prozesioak, entzierro txikiak eta bandak girotu dute San Inazio eguneko goiza

Uztarria.eus 2019ko uzt. 31a, 15:32

Jai giroan bete-betean murgilduta jarraitzen du herriak, eta gaur, San Inazio egunez, goizean goizetik hasi da festa. Goiz eresiaren ondoren, ekitaldi erlijiosoak izan dira nagusi eguerdira bitartean. 10:00etan abiatuta, Udal korporazioa parrokiara joan da, eta ondoren, prozesioa izan da kaleetan barrena. Aurtengoan, aldaketa bat izan da: normalean, Enparan kalean barrena etorri ohi da prozesioa, baina gaur, kale horretan bi anbulantzia zeudelako, Erdikalea zeharkatu du ekitaldiak. 11:00etan, berriz, Jose Ignazio Munilla gotzain nagusiaren eskutik, eukaristia izan da parrokian.

Txikienek ere gozatu ederra hartu dute goiz partean, entzierro txikia izan baita Elizkaletik Done Jakue kalera bitartean, 12:30ean hasita. Ondoren, urtero legez, Azpeitiko Musika Bandak kontzertua eskaini du Sanagustin kulturgunean, eta jende ugari elkartu da bertan.

Arratsaldean ere jarraituko du San Inazio eguneko festak; hona hemen egitaraua:

15:00. Txomingeroen bazkaria.

17:00. Gaztetxoentzat jolas parkea, plazan.

17:30. Oñatz elkarte animalistak deituta, elkarretaratzea.

18:00. Zezen txikiekin jolasak, Done Jakue kalean.

18:30. Zezenketa.

19:00. Oria txarangaren emanaldia.

22:00. Jotakie taldearen kontzertua, txosnetan.

22:30. Eskuzko pilota partidak, Izarraitz frontoian. Lehen partidan, Alberdi eta Zabala Egiguren V.aren eta Erostarberen kontra ariko dira. Bigarrenean, berriz, Olaizola II.ak eta Rezustak Altuna III.aren eta Albisuren kontra neurtuko dituzte indarrak.

23:00. Su festa, Pirotecnia Caballerren eskutik.

23:30. Celtas Cortos taldearen kontzertua, plazan.

22:30. Saltoka taldearen erromeria, Olazko Andre Mariaren plazan.

01:00. Crudas Cubensi taldearen kontzertua, txosnetan.

02:30. DJ Albaren emanaldia, txosnetan.