2019ko santioak eta saninazioak

Txupinazoa botatzeko prest

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 30a, 12:32

Gaur hasiko dira saninazioak, eta Odol Emaileen Elkarteko boluntarioak eta Lagun Onak futbol klubak arduraduko dira udaletxetik txupina pizteaz. Horiekin hitz egin du Urola Kostako Hitzak.

Inoiz baino anitzago eta ekitaldiz beteta datoz San Inazio festak. 12:00etako txupinazoarekin hasiko dira lau eguneko jaiak, eta Odol Emakuleen Elkarteko boluntarioak eta Lagun Onak futbol klubak arduraduko dira udaletxetik txupina pizteaz.

Iñaki Alberdi, Odol Emaileen Elkarteko boluntarioa: "Azpeitiko odol emaileak dira txupinazoan omenduko dituztenak"

 

 

Odol Emaileen Elkarteak 50 urte beteko ditu urrian, eta hori dela eta, txupinazoa botako duzue elkarteko ordezkariek. Ohore bat al da hori zuretzat?

Ohore izugarria. Garrantzitsua da elkarteak urteotan egin duen lana herriaren aurrean aitortzea. Herritar ugarik urteak daramatzate odola ematen, eta nik esango nuke ohorea herriarena dela. Guk lana egiten dugu trasteak prestatzen, hau eta bestea antolatzen, baina Azpeitiko odol emaileak dira gaurko txupinazoan omenduko dituztenak. Urteotan odola ematera zintzo-zintzo joan direnek egin duten lana eskertu nahi dugu. 700 bat odol emaile daude egun aktibo.

Asko al da hori?

Ondo dago kopurua, Azpeitiak dituen biztanleak kontuan hartuta. Dena den, emaile gehiago ere hartuko genituzke, batez ere, gazteak. Gazteak falta dira. Adinekoek botikak-eta hartzen dituzte, eta pixkanaka odola emateari uzten diote. Horregatik, odol emaile berriak animatzen ez badira, kopurua gutxitzen joango da. Azken urteetan, asko jaitsi da kopurua. 2011koa izan zen urterik onena, jende gehienak odola eman zuen urtea izan baitzen; hilean ia ehun pertsonak eman zuten odola. Orain, 80 lagunek ematen dute hilero odola, batez beste.

Gazteak animatu behar dira, beraz.

Bai. Odola ez dute supermerkatuetan saltzen, eta horren kontzientzia hartu behar dute gazteek. Behar-beharrezkoa da odola gauza askotarako: ebakuntzetarako, gaixo daudenei transfusioak egiteko, erditzeetarako… Gainera, odola ematen duzun bakoitzean sekulako betetasuna sentitzen duzu barruan. Karitate ekintza da odola ematea; bizitzak salbatzen dira odola emanda.

Zenbat lagun aritzen zarete elkartean lanean?

6-7 boluntario ibiltzen gara; horietako bat, Juan Jose Larrañaga, sorreratik da elkarteko kidea, eta bera arduratuko da suziria pizteaz. Gure lana da emaileentzat janaria nahiz lokala lortzea eta dena ondo doala ziurtatzea. Jendea odola ematera animatzea ere bada gure egitekoa.

Iñigo Arregi, Lagun Onak futbol klubeko presidentea: "Urteotan egin dugun lanaren aitortza da txupinazoa botatzea"

 

Aurtengo saninazioetako txupinazoa botako duzue odol emaileekin batera. Urduri al zaudete?

Eguna iristeko desiatzen egon gara futbol taldeko kideok, eta urduritasun apur bat ere badugu, ardura handia baita saninazioetako suziria botatzea. Guretzako ohorea da herriko festetako txupinazoa botatzeko aukera izatea, eta oso gustura onartu genuen proposamena.

Zer esan nahi du zuentzat herriko festetan suziria botatzeak?

Lagun Onak futbol taldeak urte hauetan guztietan egindako lanaren aitortza dela iruditzen zaigu. Zuzendaritza batzordean gauden zortzi lagun igoko gara udaletxeko balkoira, eta horrez gain, historian zehar batzordeko lehendakari izan zirenei ere suziria botatzeko gonbidapena egin diegu. Izan ere, futbol taldearen 75. urteurrena dela-eta tokatu zaigu batzordean gaudenoi suziria botatzea, eta aldi berean, guk ere futbol taldearen alde lanean ibili izan direnei aitortza egin nahi diegu.

Lotura estua al duzu saninazioekin?

San Inazio eguneko prozesioan gure aita ateratzen zen bere garaian, eta usadioari jarraituz, egun horretan santua ematen ateratzen naiz duela hainbat urtetatik. Beraz, esan daiteke lotura badudala herriko festekin. Ilusioa egiten dit txupinazoan parte hartzeak.

Lagun Onak futbol taldearen 75. urteurrenarekin batera etorri zaizue udaletxeko balkoira igotzeko aukera. Nola joan dira orain arteko ekitaldiak?

Lagun Onaken 75. urteurrenaren harira, herritarrek gure ekintzetan parte hartzea nahi genuen, eta urte osoan zehar hainbat jarduera gauzatu dugu, 2019a futbol taldearen urtea izan dadin nahi baikenuen. Orain arteko ekitaldiak oso ondo joan dira, eta hemendik aurrerakoak ere hala joan daitezen espero dugu.