Joseba Albizuk Iron Bike probaren bikotekako lasterketa irabazi du

Uztarria.eus 2019ko uzt. 29a, 11:45

Joseba Albizu txirrindulari azpeitiarrak, Llibert Millekin bikotea osatuta, irabazi du Italian jokatutako Iron Bike probaren bikotekako sailkapena. Mendiko bizikletan munduko lasterketarik gogorrenetakoa da Iron Bike. Italiako Alpeetan egiten da eta aurtengo edizioa joan den zapatuan bukatu zen. Zazpi etapa osatu dituzte txirrindulariek, uztailaren 20tik 27ra. Banaka zein bikotean, guztira 80 kirolarik parte hartu dute aurtengo Iron Biken, eta horietatik 50ek lortu dute proba osorik bukatzea. Albizuri eta Milli dagokienez, bikoteen sailkapena irabazteaz gain, sailkapen nagusian bigarren tokia lortu dute, Brandan Marquez galiziarraren atzetik.

Goiko argazkian, irabazleen podiumean ikus daiteke Albizu (bigarrena, ezkerretik hasita). Behekoan, berriz, azpeitiarra eta Mill, lasterketaren une batean.