Atzekoz aurrera ere, erraldoiak nagusi

Uztarria.eus | Festak
2019ko uzt. 28a, 15:59

Eguraldiaren aginduetara dantzan hasi da Umeen Eguna, baina goizeko eurialdiak ez dira nahikoa izan festa zapuzteko. Aldatu bai, aldatu du unean uneko eguraldiak aurreikusitako egitaraua. Erraldoiek ohiko dantza lehiaketa egin ala ez zalantza ere sortu da, baina azkenean kaleak bete dituzten herritarrek oso-osorik gozatu ahal izan dute festaz.

Alkate eta udal ordezkari txikiak umeen mezan ziren bitartean elkartzen joan dira erraldoiak Perez Arregi plazaren bueltan, baina aterpe bila hasi behar izan dute ia berehala. Euriak bizi eraso dio, eta mezaren ondoren egitekoa zuten kalejira bertan behera utzi eta erraldoiak Erdikalean gora zuzenean plazako arkupeen babesera eramatea erabaki dute. Horrela, une batez gurutzatu egin dira Plaza Txikian erraldoiak eta elizatik buelta Elizkaletik zetorren umeen korporazioaren segizioa. Plazan, erraldoiak arkupeetan zirela irakurri du pregoia alkate txikiak, eta orain euri orain ateri eusten zion eguraldiari so, Luis Alberdi Beltzaren eskolako dantzari txikiek erakustaldia egiten zuten bitartean erabaki dute baietz, dantza lehiaketa egingo zutela.

Horrela, Euskal Herriko hainbat txokotatik etorritako 17 konpartsatako erraldoiak dantzan jarri dituzte azkenean, taldekako lehiarako aurrena eta bakarkakorako gero; 63 erraldoi elkartu dira gaurko festan, eta gehientsuenak atera dituzte dantzara. Urtero legez, bi sari banatu ditu udalak, taldekakoa (600 euro) eta banakakoa (300 euro). Urnietako Ostargi konpartsak jaso du taldeko dantza onenaren saria, eta Iruñeko Alde Zaharreko konpartsak, berriz, banakako dantza onenarena. Eta eguraldiak onera egin duenez, dantza lehiaketaren ondoren eta eguzki epeletan egin dute, azkenean, aurretik euriak eragotzitako kale buelta; plazatik Enparan kalera, handik Eerdikalean gora, San Martin egoitzaraino osatu dute kalejira erraldoiek.

Erraldoi txikiak, agortuta

Erraldoi erraldoiak ez ezik, erraldoi txikiak ere nagusi izan dira eguerdian plazan. Azpeitiko lau erraldoien erreplika txikiak salgai jarri dituzte eta aitaren batean agortu dira. Bat baino gehiago geratu da erosteko gogoarekin. Hori dela eta, urtea bukatzerako gehiago aterako dituztela aurreratu du udalak.

Arratsalde eta iluntze oparoak

Erraldoien festa bukatuta, umeek hartu dute lekukoa, beren egunean. Azoka Plazan bazkaldu ondoren, arratsaldean jolasak eta egingo dituzte. Txirrindulari lasterketa eta desenkajonamendua dira arratsaldeko beste bi hitzorduak, eta gauean Bandak jarria du hitzordua, pasodobleen kontzerturako. Hona hemen, egitaraua:

16:00. Umeentzat jolasak eta kalejira.

16:00. XXXIX. Inazio Deuna Txirrindularitza Saria, Perez Arregi plazatik abiatuta.

17:30. Gaztetxoen kalejira, Alde Zaharrean.

19:00. Desenkajonamentua, zezen plazan.

22:00. Udal Musika Bandaren pasodobleen emanaldia, plazan.

 

Ikusi argazki guztiak haundiago

 

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu