Musika, barrutik kanpora

Gipuzkoako Hitza 2019ko uzt. 26a, 16:31
(MIE)

Euskal Herriko Musika Bulegoaren (EHMBE) gainean Aitziber Arzallus kazetariak egindako erreportajea dakar gaurko Gipuzkoako Hitza egunkariak. Aitor Bengoetxea elkarteko lehendakari azpeitiarrarekin hitz egin dute.

Aro berri bat hasi du EHMBE Euskal Herriko Musika Bulegoa elkarteak. "Ilusioz betetako etapa berri bat". 2015ean martxan jarri zenetik, eta lehen aldiz, musikaren sektorearentzat lan egingo duen lantalde batek osatutako egitura propioa dauka Musika Bulegoak. Musikaren sorkuntza, ekoizpena eta zabalkundea bultzatu eta sektorearen profesionalizazioan lagunduko duten egitasmoak eta proiektuak gauzatuko ditu horri esker.

Musikaren esparruko lau elkartek sortu zuten Musika Bulegoa: Kultur Live Euskal Herriko Musika Aretoen Elkarteak, MIE Musika Industria Elkarteak, Musikari Euskal Herriko Musikarien Elkarteak, eta Musikagileak Euskal Herriko Musikagileen Elkarteak. Hemendik aurrera ere elkarte horiek izango dira Musika Bulegoaren jardunaren arduradunak, baina gauzak "beste modu batera" egiteko asmoa azaldu du Aitor Bengoetxea lehendakariak. "Elkarte horiek partaidetza sinbolikoagoa izan dute orain arte. Interes orokorreko helburuak betearazteko, lauren baliabideak eta esperientziak batuko ditugu urrats berri honetan".

Lau elkarte horietatik datoz, hain justu, zuzendaritza batzorde berria osatuko duten kide guztiak: Bengoetxea (Kultura Live) lehendakaria, Jagoba Astiazaran (Musikagileak) lehendakariordea, Unai Moraza (Musikari) idazkaria, Amaia Ispizua (MIE) diruzaina, eta Iñaki Otalora (Kultura Live), Mikel Urkiza (Musikagileak), Alvaro Sanz (MIE), Olatz Salvador (Musikari), Pau Vargas (MIE) eta Mikel Unzurrunzaga Makala (norbanako musikaria). "Bakoitzaren etxea zaintzea ahaztu gabe, indar metaketa bat izango da", lehendakariaren hitzetan.

Azpeitiarra da Bengoetxea, eta Kulturaz kooperatibako kidea; kooperatiba horrek kudeatzen du Sanagustin kulturguneko Kultura Liven aretoa. Jagoba Astiazaran lehendakariordea, berriz, zestoarra da, Musikari elkarteko kidea.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.