Amets Amubieta eta Larraitz Larrañaga dantzariak Gipuzkoako txapeldun, hirugarrenez

Uztarria.eus 2019ko uzt. 26a, 17:45
Amubieta eta Larrañaga sariekin, herenegun, Errenterian.

Herenegun berritu zuten iaz lortutako garaipena, Errenterian. Bigarren postua ere Azpeiti aldera etorri zen, Ekain Uzkudunen eta Laura Bastidaren eskutik.

Amets Amubietak eta Larraitz Larrañagak osatutako bikoteak hirugarren aldiz irabazi du Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketa. Iaz ere beraiek jantzi zituzten bikote onenari dagozkion txapela eta zapia, baita 2016an ere. Bikotearentzat hirugarren garaipena da, eta Amubietarentzat laugarrena: 2014an Maialen Aldalurrekin batera lortu zuen lehendabizikoa.

Herenegun jokatu zen Gipuzkoako Dantza Suelto Txapelketaren LXX. edizioa, Errenteriako Madalena jaien barruan, ohikoa denez. Hamabost bikote lehiatu ziren, horietatik sei Azpeitiko dantzariek osatutakoak, eta beste hiru bikotetan ere kideetako bat Azpeitikoa zen. Hain zuzen ere, txapelketaren bigarren postua ere Azpeiti aldera etorri zen, Ekain Uzkudunen eta Laura Bastida urrestildarraren eskutik. Bergarako Julen Murgiondo eta Saioa Galarraga izan ziren hirugarrenak, eta Lezoko Iker Belintxon eta Katerin Artola, berriz, laugarrenak.