Eneko zena, San Ignatius

Iñaki Idigoras | Iritzia
2019ko uzt. 26a, 15:15

Badatozkigu saninazioak, Azpeitian nahiz Urbian. Gipuzkoako patroi handiaren omenezko festa ospatu ohi dugu. Zer da, baina, ospatzen duguna?

Azpeitiko Loiolan jaio zen Eneko Lopez, leinu boteretsuan, 1491an.

Garai nahasiak ziren iberiar penintsulan, Gaztelako erresuma konkista betean ari baitzen, Fernando eta Isabel Katolikoen agindupean, geroago Espainia bilakatuko zen inperioa sortzen. Granada konkistatuko zuten 1492an, Colon Ameriketara iritsiko zen urte berean. Kanariar irlak 1496an, 100 urteko borroken ondoren. Gaur eguneko Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa jada konkistatuak zituen 300 urte lehenago, 1200ean, Gasteizeko bederatzi hilabeteko setioaren ondoren Nafarroari erauziak.

Kontestu horretan koxkortu zen Eneko. Gaztelako erresumaren lur konkistatuen barruan, kulturaz euskaldun izan baina ama politikotik, Nafar Erresumatik, bereizita. Gaztelak Nafarroa beretzat nahi, eta hura osoki konkistatzeko eginahaletan zebilen. Gaztelako erregeak eskuzabal izan ziren beren alde lerrokatu zirenekin, leinuei noble tituluak –ahaide nagusi–, lurrak eta administrazioan ardurak emanez. Tartean, oñaztarren buru loiolatarrak. Bere aitita, gaztelar erregearen kontseilari zen. Ama 1507an hil zitzaion, eta gaztaroa Valladoliden eman zuen, Gaztelako kontadorearen etxean.

1512an abiatu zuten egungo Nafarroako Foru Erkidegoaren aurkako konkista, oraindik Nafar Erresuma zela, Albako dukeak gidaturik. Urte berean Naiarako dukearenera bidali zuten 21 urteko Eneko mutila. Gaztelarrek Nafarroaren Pirinioz azpiko zatia hartu zuten, gipuzkoarrek ere, mehatxupean, lagunduta; tartean, Belateko hamabi kainoien lapurretan. Cisneros kardenalak nafar dorre eta gazteluen suntsipena agindu zuen, euskaldunen Gaztelaren aurka berriro altxatzeko grinak errotik mozteko. Baita bere alde lerrokatu zirenenak ere. Ez zen euskaldunen gogoaz fio.

1521ean Eneko Loiolakoak nafarren aurka defendatu zuen Iruñea (sic). Militar gaztelar petoa zen ordurako. Hantxe zauritu zuten birkonkistan ziharduten anai euskaldunek. Urte berean suntsitu zuten Noainen nafar gudarostea, Naiarako dukearen gidaritzapean.

Eritasunean sakondu zuen erlijio katolikoan, eta bide espirituala hasi. Oinez Manresara joan eta koba batean hamar hilabetez bizi izan zen. Alcalan sakondu zituen ikasketak, Cisnerosek berak sortutako unibertsitatean. Sei jarraitzailerekin batera jesuiten konpainia sortu eta Aita Santuaren esanetara ipini zen, konpainiako jeneral modura.

Gaztelakoa lehenik eta Eliza Katoliko Erromatarrarena ondoren, bi inperio zerbitzatu zituen Ignatius izena hartu zuen Enekok. Zentzurik ez diot ikusten Ignatius gure patroi izateari. Cisnerosen mesfidantzak ezarritako zaindaria ote, gure gogo eta grinak otzandu eta zapaltzailearen karidadean, botererik gabe, gogogabetu eta geure burua hiltzen uzteko?

Bidali:  

Erantzunak

Elolakapitaina | 2019-07-27 : 08:58

Kriston arazo bat daukagu: ezin dugu patroi bat eduki, Santu guztiak Eliza Katoliko Erromatar imperioaren zerbitzariak zirelako. En fin.
San Ignazio zauritatu izango bezen Iruña atakatzen eta ez defenditzen, beste ikuspuntu bat edukiko genuke. Baina ahazten dugu gauza importante bat: San Ignazio, zauritu ondoren, damutu egin zen bere lehenako bizitzaz. Berriro ezango dut: damutu.
San Ignaziok Jesusen Konpania sortu zuen eta ezin dugu ukatu jesuiten lan sozial eta hezitzailea. Bakarrik ezango dut Espainiako inperio zapaltzaile horrek hain zuzen jesuitak bota zituela XVIII mendean Espainako inperiotik lan sozial eta hezitzaile horrengatik (La misión filma ikustea gomendatzen dizuet).
Baina horrek guztiak ez du importa, San Ignazio guretzako beti izango da “el cojo cabrón”, Castillaren alde, bezte euskaldun pila bat bezela, borroka egin zuelako. Arazo hori bada, San Francisco Javier jar dezagun patroia, beste jesuita bat, eta horrela erosoago biziko ditugu Azpeitiko festak, inongo banderarik omenaldiak egiteko beharra sentitu gabe.
En fin, gure patroi haundiaren jaiez goza dezazuela, burujanarik gabe.

Mzurbano | 2019-07-27 : 09:52

Nik entenditzen ez detena da zeatik deitzeion Iñakik Eneko eta ez Iñigo. Gure patroye Iñigo Lopez de Loyola bezala jaio zan! Bai, López, eta Castillakin lotura handiye izan zun, bai familiyek eta baita beak ere, beaien protektoriek zien eta hala izanda Castilla defendatzie tokau zitzekon. Baina era berien, euskaldune zala ezteu ahaztuber. Euskaraz hitzeiten zun eta euskaraz idatzi zun baitere. Kontutan hartzekue.

Iñaki_Idigoras_Igartua | 2019-07-31 : 09:01

Esker mila ekarpenengatik.

Izenarena, non edo non irakurri dut. Eneko, Iñigo, Inazio, Iñaki... bada eztabaidarik. Proposatzen duzun Iñigo erabiliko dut, hala izan zelako, bilaketen harira. Eta zentzurik badu.

Ez da baina, izena, eztabaidaren muina. Izana bazik. Izanaren gaineko gogoeta eta memoria. Eta hauen erabilera: zertarako gogora ekarri?

Herri menperatua garen aldetik, askatasun faltaren kontzientzia hartu eta zabaltzeko erabili nahi nuke nik. Ohartzeko. Jabetzeko. Ahaldundu eta egiteko. Gure kulturatik, burujabetza. Askatasuna.

Nola ikusi ote zuten orduko Iñigo gaztearen herriko lagunek bere egunerokoa? naturalki jolasten ote zuen besteekin batera? ala etxean kultura arrotzaren doktrinan hezi zuten?
Nola ikusi ote zuen Iñigok bere burua, herrikideetatik banatua, dorrean 'babestua'? Ama galdu berritan, nola bizi izan zuen aitak Valladolidera atzerriratzea?
1521ean, nola bizi izan ote zuen bere hizkera jatorrean ari ziren haien aurka borrokatzea, bere nortasuna kolpatuz, arrotzen ejerzitotik?

Bizipen horiek guztiak kudeatzeko gai denak badauka meriturik. Lekuz kanpo sentitzea baino nortasun krisi larriagorik ba ote? Kemena izan zuen ibilbidez aldatzeko; unibertsal bati ekiteko, izatasunaren bideetatik. Espiritualtasunetik.
Orduan nekez izango zen psikologorik, eta etxean topatu erlijio katolikoaren liburuak promesten zuen argiaren indarrak erakarriko zuen. Izakion zoritxarrerako, baina, Iñigoren garairako kristautasun jatorra -erromatar garaiko intsumituak, kasu, Iruña-Veleian ikasi bezela- gizon ase ezinek bere egina zeukaten, beren neurri gabeko botere desirak lortzeko bitarteko gisa.

Ezagutuko ote zituen, baina, gure Iñigok, itzaletik bere hariak mugitzen zituzten haien asmoak? Cisneros kardenal eta inkisidorea, Fernando Katolikoa erregea, hau hil ondoren, 1516an, zerua erosteko testamentuan zer jasoko zuen ziurtatu zuen Adriano. Nor zen baina, Adriano hau? Herbereetakoa jatorriz, orduko potentzia militar handienera, Gaztelara, etorri zen ‘jainkoak’ bidalita limosna eske. Tortosako apezpiku lehenik, Aragoiko inkisidore gero, Kastillakoa ondoren... eta... ta-txan... 1521-1522ko konklabean Adriano VI.a aita santu izendatua! Gure Iñigoren krisi pertsonalarekin batera. Eta Nafarroako konkista ‘jainkoaren izenean’ zilegiztatzeko momentu aproposean.

Lehen Fernando Katolikoaren bandoan, eta gero honen 'gaineko' Vaticanoarenean, 'Sacro Imperioan'... karrera militar nabaria egin zuen Iñigok. Ezpataz eta gurutzez. Nola ez zuen bada, Vaticanoak santu izendatuko 1622an! egindako mesede guztien ordain. Eta euskal herritarroi keinu, bere alboan oparotasuna eta zerua ziurtatuta ditugunaren promesa gisa. Liburuez, santu izendapenez, prentsa oharrez… komunikabideez baliatzen baita boterea bera elikatuko duten leialez inguratzeko. Eta bere legeaz, kuestionatzen duen edonor lurperatzeko, Iruña-Veleian bezela.

Badator Iñigoren krisiaren 500. urteurrena. Greziar mitoak Fenix hegaztia bere errautsetatik nola biziberritzen den kontatzen du. Biziberritu dezagun Ignatius, Inazio, Iñigo... euskal hizkera jatorrera. Eneko.

Ez dezagun onartu arrotz zapaltzaileek ezarritako santurik. Vaticanoak berak oniritzi zituen Gipuzkoa eta Bizkaiko patroi izendatzeak ere, geurean saldukeriatan ibili ohi direnek proposatu ostean.

Susmoa daukat ez ote garen denok Iñigo txiki batzuk, kapital arrotzen mesedetan bizitza ematen duguna, nortasuna arroztasunez barnizatuta. Denok gara Iñigo Loiolako! Gogoratu ditzagun Iñigoren drama, haren patroien zitalkeria... eta ariketa xume bat egin geure baitan.

Azpeitiarroi dagokizue saninazioak eraberritzea, izenetik izanera.
Gipuzkoar eta bizkaitarroi, horrelako patroirik behar ote dugun erabakitzea.

Iñigo arroztutik Eneko jatorrera, jatorrira bira. Gure estatu zaharrera, Nafarroakora. Baliatu ditzagun Iñigoren indarra eta kemena Eneko Aritzak 824an egin bezala, geure askatasunaren kultura biziberritzeko. Arrotzen bandoan etxekoak kolpatuz losintxak eta botere kuota handiagoak bilatu baino, jatorki geure kulturan sakondu eta berau bultzatzeko bidea egin dezagun.

Herriatar, alderdi eta instituzio gaixoetatik, terapia komunitario diren batzarren bidezko osasunera, osotasunera, euskera.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu