Betaurreko inklusiboak festetan ere

Gipuzkoako Hitza 2019ko uzt. 26a, 12:54

Azpeitian jai inklusiboagoak lortzeko xedearekin, barraketan musika kenduko dute bi arratsaldetan. Kaleko saltzaileentzat gune bat ere prestatu dute, han lo egin nahi badute. Gipuzkoako Hitzak erreportajea egin du gaiaren inguruan.

Norberak egoera bat barrutik bizi arte, ez da aintzakotzat hartzen. Behar bereziak dituztenen lekuan jarri beharrean, bakoitzak bereari begiratzen dio. Gizartean bigarren mailan gelditzen dira behar bereziak dituzten horiek, baina gainontzekoek bezainbeste eskubide dituzte herritar gisa. Alde horretatik, lehenengo pauso txikia ematen hasi dira Azpeitian. Festak inklusiboagoak izan daitezen lanean ari dira, eta behar bereziak dituzten pertsonak ikusarazteko egitasmo berria jarri dute martxan. Haur horiek ere barrakez goza dezaten, jaietako bi arratsaldetan ez dute musikarik jarriko. Horrez gain, txartel batzuk banatuko dituzte behar bereziak dituzten pertsona horientzat, barraka gunean lehentasuna izan dezaten.

Mikel Odriozolari (Azpeitia, 1981) bururatu zitzaion ideia, festa batzordeko zinegotziari. Espainia hegoaldeko herri batean behar bereziak dituztenentzako ekintza bat egin zutela ikusi zuen Twitterren, eta Azpeitira eramatea erabaki zuen. "Kopiatu egin diegu azkenean, baina oso kopia polita dela uste dut". Gipuzkoan lehen aldiz egingo dute horrelako egitasmo bat, eta Azpeititik beste herrietara zabaltzea nahi du festa batzordeko buruak.

Pausoak emanez, Marea Urdina aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren aldeko elkartearekin harremanetan jarri zen Odriozola; behar bereziak dituzten umeen guraso elkartea da. "Oso pozik" hartu zuten ideia. Elkartekoek bizi izan dituzten esperientziez eta barraketara joateko zailtasunez hitz egiteko bildu ziren. Arauz kanpoko funtzionaltasuna dute haur horietako batzuek, eta barraketan ezin dituzte ilarak egin. Asko mugitzen dira, "deserosoa" baita haientzat. Beste batzuek zaratarekiko hipersentsibilitatea dute. Zaratak gogaitu egiten ditu musika dagoen toki batera joaten diren bakoitzean. Umeekiko daukaten eragina ikusita, Marea Urdina elkarteak eta Odriozolak adostu zuten barraketan musikarik ez jartzea pare bat egunetan, uztailaren 27an eta 31n, 17:00etatik 19:00ak arte. "Keinu txiki bat da, baina gauza handi bat egin dezakegu horrela", aitortu du zinegotziak. "Sentsibilizazio ekintza polita izango da jendea ume horiek dituzten beharrez kontzientziatzeko".

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.