2019ko santioak eta saninazioak

Giro ezin hobea Baserritarren Egunean

Uztarria.eus 2019ko uzt. 25a, 17:15

Eguraldi ezin hobearekin esnatu da eguna, eta halaxe joan dira Baserritarren Eguneko goizeko eta eguerdiko ekitaldiak ere. Festa giroa izan da nagusi plazan eta inguruan, eta jendetza batu da, nahiz eta asko itzalaren bila ibili diren.

Baserritarren Egunaren barruan bi sariketa egin dira; izan ere, aurtengoa bailarako ganadu erakusketa izan da –bi urtez behin egiten da Euskal Herriko txapelketa–. Horrenbestez, gazta eta sagardo txapelketek hartu dute eguerdian protagonismoa, eta herritarren jan-edanaz gozatu ahal izan dute plazan. 47. Sagardo Txapelketako lehen saria Martuteneko (Donostia) Barkaiztegirentzat izan da, eta bigarrena, berriz, Zabalarentzat (Aduna). Bi horiek lehia estua jokatu dute: puntuetan berdinduta iritsi dira azken txanpara, eta epaimahaiak berriz dastatu ditu bi etxe horietako sagardoak. Hirugarren saria, berriz, Petritegirentzat (Astigarraga) izan da.

XXI. Gazta Txapelketan 27 gaztandegik parte hartu dute, eta herritarrek nahiz zinegotziek osatutako epaimahaiak erdietsi du Azkarra (Galarreta) etxekoa izan dela onena; haren atzetik, bigarren eta hirugarren sailkatu dira Mausitxa (Elgoibar) eta Ander Barandiaran (Idiazabal). Horiek eta sagardo txapelketako sarituek Nagore Alkorta alkatearen nahiz Mikel Odrizola zinegotziaren eskuetatik jaso dituzte oroigarriak.

Musika ere izan da protagonista eguerdian, Udal Musika Banda eta trikitilariak aritu baitira goizean nahiz eguerdian giroa alaitzen. Gaineera, hegaluze eta txekor pintxoak nahiz gazta mokaduak egin ahal izan dituzte herritarrek; eta horiek ere arrakasta izan dute; izan ere, txekor pintxoak, adibidez, gastatu egin dira.

Festak jarraipena izango du datozen orduetan ere: 18:00etan hasita, Kantujira egingo dute eta errekortarien txapelketa ere izango da. Ondoren, 19:30ean hasita, Jainekin txaranga kalez kale ibiliko da.

Hona hemen, gaur eguerdiko irudi batzuk: