Zazpi azpeitiarrek parte hartuko dute zapatuko karting eta minimotard erakustaldian

Uztarria.eus 2019ko ira. 25a, 18:20
Iazko erakustaldiko irudia.

Uztailaren 27an egitekoak ziren baina eguraldiagatik atzeratu zuten proba larunbatean izango da. Motor festaren seigarren edizioa Perez Arregi plazaren eta Damaso auzoaren bueltan egingo dute, 14:00etatik 19:45era arte. 15-16 pilotuk eman dute izena kart-en probarako, eta motoetan 30 bat parte-hartzaile izango dira.

Uda sasoia pasatuta, larunbatean egingo dute joan zen uztailaren 27an eguraldiagatik atzeratu zuten Karting eta Minimotarden erakustaldiaren seigarren edizioa. Alde Zaharreko Tabernarien Elkarteak (AZTE) antolatu du egitasmoa, eta 14:00etan hasi eta 19:45ean bukatuko da proba, ondobidean. Perez Arregi plaza kartentzako eta motoentzako box bihurtuko da, eta plaza aurreko kalea eta Damaso auzunekoak, berriz, abiadura zirkuitu.

Kart-etan, hamabi lagunek parte hartuko dute helduen mailan, eta umeetan, hiruzpalauk. Horietatik zazpi izango dira azpeitiarrak: Jon Bikendi (automatikoetan), Arkaitz Albizuri (KZ), Josu Beristain (KZ), Alex Aizpuru (KZ), Zigor Etxeberria (X30 automatikoa), Asier Aldalur (KZ) eta Jon Sorozabal (KZ). Motoetan, berriz, DTM (Donostia Motor Team) eskolako ikasleek parte hartuko dute minimoto (3 eta 8 urte arteko gidariak) eta minimotard (6 urtetik aurrerakoak) modalidateetan. Guztira, 30 parte-hartzaile espero dituzte antolatzaileek, eta horietako bat izango da Markel Caballero azkoitiarra. 6 urte ditu hark, eta Espainiako, Gaztela eta Leongo eta Euskal Herriko txapelketetan parte hartzen ari da; Euskal Herriko lehian hirugarren postuan da. 

Karting eta moto lasterketak borobiltzeko, Olaizola anaia zarauztarrek erakustaldia eskainiko dute; Espainiako autokros txapelketan lehiatzen dira. Larunbatean, iaz bezala, ez da izango kart txikien hitzordurik. Entrenamendu libreak 14:10ean hasiko dira, eta ofizialak, 15:25ean. Sari banaketa ekitaldia, berriz, erakustaldia bukatu bezain pronto egingo dute.

Aparkalekuak eta trafikoa

Ohi bezala, zapatu arratsaldeko lasterketek eragin zuzena izango dute ibilbidearen barruan gelditzen diren aparkalekuetan eta kale horietako trafikoan. Antolatzaileek 13:00etarako prestatuko dute zirkuitua, eta ordutik 20:00etara bitartean itxita izango da ibilbidea.