Ertzaintza hilketa gisa ari da ikertzen 4 urteko umearen heriotza

Uztarria.eus 2019ko uzt. 24a, 15:23

Polizia iturriek Berriari jakinarazi diotenez, Ertzaintzak uste du amak hil zuela umea, eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zela hura. Lehen hipotesien arabera, itota hil zen haurra, eta gaur egin diote hari autopsia, nola hil zen argitzeko. Azpeitiko Udalak Ertzaintzari ikerketa egiten uzteko eskatu du, zuhurtzia eta zurrumurruak alde batera uztea eskatzearekin batera.

Atzo, asteartea, Lasao auzoko baserri batean hil zen 4 urteko umearen heriotza hilketa gisa ari da ikertzen Ertzaintza, Berria.eus-ek jakinarazi duenez. Lehen hipotesien arabera, itota hil zen haurra, eta gaur egin diote hari autopsia Donostiako Auzi Medikuntza Zerbitzuan, nola hil zen argitzeko.

Larrialdi zerbitzuek 18:00 aldean jaso zuten abisua, eta gertaeraren lekura joan ziren osasun zerbitzuak. Larrialdi Zerbitzuetako kideak saiatu ziren haurra suspertzen, baina ezin izan zuten ezer egin.

Polizia iturriek Berriari jakinarazi diotenez, Ertzaintzak uste du amak hil zuela umea, eta ondoren bere buruaz beste egiten saiatu zela hura, zauriak eraginda. Umearen ama Donostia Ospitalera eraman zuten. Ertzaintzak zabalik du oraindik ikerketa.

Zuhurtzia eskatu du udalak

Azpeitiko alkate Nagore Alkortak babesa eta elkartasuna adierazi dizkie atzo hil zen umearen familiako kideei eta lagunei. Hark azaldu duenez, udalak familiaren esku utzi ditu dituen giza baliabideak eta baliabide teknikoak, "une latz hauetan ahalik eta babes handiena senti" dezan.

Era berean, Ertzaintzari martxan duen ikerketa egiten uzteko eskatu du alkateak. Mezu bat ere zabaldu du Azpeitiko Udalaren, hildako umearen familiaren eta haurra ikasle zen Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko zuzendaritzaren izenean: "Utz ditzagun alde batera espekulazioak eta zurrumurruak, momentu gogor hauetan horiek ez diotelako onik egiten inori, kalte baizik. Saia gaitezen denon artean familiari ahalik eta babes zein laguntza handiena eskaintzen".