50 urte disdira egiten

Uztarria.eus 2019ko uzt. 24a, 17:56

Aitak duela mende erdia hasitako bidean jarraitzen du Asier Oiartzabalek. Ezkontza eraztun bat egiteko prozesua irudietan eta hitzetan jaso du Julene Frantzesena kazetariak 2019ko uztaileko Uztarria aldizkarian, Klik! atalerako.

50 urteko ibilia

Justo Oiartzabal zenak duela 50 urte zabaldu zuen Disdira bitxitegia, eta haren seme Asierrek hartu zuen gero erreleboa. Bitxigintza ikasketak egina da Asier, eta berak ere sortzen ditu bitxiak saltokian duen tailerrean: batez ere, ezkontza eraztunak. "Eskaerak egitea baino ederragoa da niretzat neuk sortzea, eta gainera, bitxi horiek beste kalitate bat izaten dute".

 

 

Urrea urtu

Denbora duenean aritzen da bitxiak egiten: "Konponketak eta bestelako lanek tartea uzten didatenean aprobetxatzen dut neure piezak egiteko, asko gustatzen baitzait". Ekainean, adibidez, egin du aliantza pare bat. Erabiliko duen materiala urtuta hasten du lan prozesua, kasu honetan, urrea urtuta. Urre purua erosten du, eta hura nahasi egiten du, urrea 24 kilatetik 18ra jaisteko –oro de ley deritzona–. Funditutako lingotea behar duen forma jakin horretako burdinezko pieza batean jartzen du, lanean segitzeko. Kasu honetan, pieza karratu batean sartu zuen.

 

 

Laminazioa

Urrea urtuta lortutako lingotea laminatu egiten du gero, materiala behar duen luzerara eramaten duen arte. Lingotea luzatzen aritzen da laminadorearekin. Kasu honetan, laminatzerakoan zapaldu egin du materiala, haria luzatzeko. Zabalera eta neurri jakin batera iristean mozten du materiala, eskatu dioten bitxia motaren arabera.

 

 

Soldatu

Laminatutako urre zatia moztu ostean, piezari buelta ematen dio. Ondoren, soldatu egiten du bi aldeak batzeko. Orduan hasten da sormen prozesua. Bitxiak egiteko ideiak sare sozialetatik nahiz gainerako bitxitegietako erakusleihoetan ikusitako piezetatik hartzen ditu azpeitiarrak. "Alabak nazkatuta dauzkat, joaten garen lekura joanda ere, bitxitegi denei begira gelditzen naizelako", dio barrez.

 

 

Limatze lanak

Soldatutako pieza limatu egiten du aurrena, bi aldeak non elkartu diren nabaritu ez dadin. Gainera, mailuarekin kolpeka borobiltzen du pieza. Limatze eta pulitze lanak egiten ditu segidan, lima jakin batekin. Oiartzabalen arabera, eskuz egiten dituen ezkontza eraztunen prozesua beti bera izaten da. Dena den, badira eskuz egin ezin diren lanak, urrea material "oso gogorra" delako. "Halakoak argizariarekin egiten ditut, modelatu bidez. Urreari forma ematea ia ezinezkoa da, eta urtutako argizariari askoz ere errazago ematen zaio forma. Gauza zailagoak egin daitezke horren gainean".

 

 

Berrikuntza

Aurrerapen teknologiko ikaragarriak izan dira bitxigintzan ere; horren lekuko da 3D makinak sortu izana. Bestelako makina ugari ere badira merkatuan, eta horietako bat badu Oiartzabalek: soldatzeko makina. Berezia da, ordea: "Eraztun bat harriekin egin behar badut, baliteke suak harria erretzea, eta makina honekin hori saihesten da, surik gabe soldatzen duelako eta lanean aritzeko ez dagoelako harria kendu beharrik". Oiartzabalek garbi dio bitxigile lana "oso gustuko" duela: "Pentsa, gauetan etortzen naiz askotan bitxiak egitera".