Azpeitiko Gida, herritar guztien eskura

Uztarria.eus 2019ko uzt. 23a, 12:23
Azpeitiko Gidaren azala.

6.500 ale herriko etxe guztietako postontzietara banatzen hasi da Uztarria. Komunikazio taldeak gida kaleratu du, eta bertan aurki daitezke herriko saltokien, tabernen, elkarteen eta enpresen informazioa nahiz telefono interesgarriak, baita guardiako farmazien txandak nahiz garraio publikoaren ordutegiak ere.

Aurten lehen aldiz, Azpeitiko Gida kaleratu du Uztarria Komunikazio Taldeak, herriko hainbat saltokiren nahiz enpresaren eskaerari erantzunez. 2019ko gida komertzialaren 6.500 ale herriko etxe guztietako postontzietara banatzen hasi da Uztarria dagoeneko, eta webgune honetan modu digitalean ere jarriko du gida, datozen asteetan. Hain zuzen ere, gaur egun martxan den gida komertziala berrituko du, kaleratu berri duen papereko edizioko informazioarekin.

Gidan aurki daitezke, besteak beste, herriko saltokien, tabernen, elkarteen eta enpresen informazioa nahiz telefono interesgarriak, baita guardiako farmazien txandak nahiz garraio publikoaren ordutegiak ere. Herritarrek bertan kontsultatu ahal izango dituzte herriko saltokien-eta helbideak nahiz telefonoak.