Lan ildo nagusiak finkatu eta arlokako egitasmo nagusiak zehaztu ditu Herri Hezitzailearen talde eragileak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 22a, 18:59
Josu Labaka eta udal teknikariak, Pasaiako Udalaren ordezkariei Herri Hezitzailearen Azpeitiko prozesua azaltzeko bileran. (Azpeitiko Udala)

Urtea amaitzerako konpromisoen dekalogoa osatzea da ezarri duten helburuetako bat. Kirolean eta gazteria arloan eragiteko egitasmoak ere gauzatuko dituzte; besteak beste, eskola kiroleko entrenatzaileei, gurasoei, ikastetxeei eta klubei zuzendutako jardunaldia egingo dute irailaren 14an.

Azpeitia Herri Hezitzailea egitasmoa urrats berriak eta zehatzak egiten hasiko da udako oporraldiaren ondoren. Herriko ikastetxeek, hainbat eragilek zein norbanakok eta udalak joan den urtean martxan jarri zuten prozesuari jarraituta, baloreen hezkuntza oinarrian duen proiektuaren lan ildo nagusiak finkatu eta arlokako egitasmo nagusiak zehaztu ditu Herri Hezitzailearen talde eragileak; iaz landu zuten diagnostiko prozesuan identifikatu zituzten erronkei erantzuteko plangintza diseinatu dute, eta lanean hasteko daude.

Konpromisoen dekalogoa

"Herri hezitzailearen filosofiaren lan egiteko moduak herrian txertatzea da erronka" nagusia udalarentzat, eta horretarako "diagnostikoaren ondoren konpromisoen dekalogoa egitea tokatzen" dela azaldu du. Datorren ikasturtean arlokako mahaietan identifikatuko dituzten konpromisoekin osatu nahi dute dekalogoa.

Osatutakoan, hura aurkezteko jardunaldiak egin nahi dituzte, eta eragileak dekalogoa betetzera animatuko dituzte, "bakoitzaren erritmoak errespetatuz eta dekalogoaren helburuak bete ahal izateko tresnak eskainiz".

Kirola, gazteria, sare sozialak...

Opor ondorenerako zehaztuta dagoen lehen hitzordua, ordea, eskola kirolaren gainean antolatu duten formazio saioa da. Irailaren 14an izango da, Soreasu antzokian, 11:00etatik 13:00etara. Eskola kirola herri hezitzaile ikuspuntutik izenburuarekin, entrenatzaileei, gurasoei, ikastetxeei eta klubei zuzendutako jardunaldia egingo dute egun horretan. "Kirola helbura izatetik baloreen hezkuntzarako tresna izatera pasatzeko eskola kirola egiten ari den lan ildoan sakontzea izango da formazioaren helburu nagusia", azaldu dute.

Gazteria arloan datorren ikasturtean jorratzeko lanak ere finkatu dituzte: "Batetik, gazteekin aisialdi eredu berri baten beharraren inguruko hausnarketa eta parte hartze prozesu bat egingo dugu. Eta bestetik, haurren kontseilua eratzeko saiakera bat egingo dugu, herriko haurrek herriko erabakietan parte hartzeko kanal iraunkor bat sortzeko".

Egingo duten eta egin asmo duten guztiaren berri emateko, berriz, sare sozialen erabilera indartzeko asmoa azaldu du Azpeitia Herri Hezitzaileak, egitasmoaren filosofia herrian txertatzen jarraitzeko komunikazioa iraunkortzeko. Horretarako, Instagramen eta Facebooken ireki dituzten kontuak erabiliko dituzte.