Eraso matxistak salatzeko eta kontsultak egiteko arreta telefono zerbitzua jarriko dute saninazioetan

Uztarria.eus | Festak
2019ko uzt. 29a, 11:11

Eraso matxistarik jazoko balitz edo kontsultaren bat egin nahi izanez gero, 688 751 000 telefono zenbakira deitu ahal izango dute herritarrek. Horiek informazioa, aholkularitza nahiz aurrez aurreko arreta eta laguntza jasoko dute. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean izango da martxan telefono zerbitzua, 20:00etatik 08:00etara. Indarkeria matxistarik gabeko gunea ere izango da Plaza Txikian: hiru egunez jarriko dute karpa.

Idoia Arrizabalaga zinegotzia eta Edurne Aranbarri Parekidetasun teknikaria, herriko taberna batean. (Azpeitiko Udala)  Ikusi haundiago | Argazki originala

Indarkeria matxista salatzeko eta kontsultak egiteko arreta telefono zerbitzua jarriko dute saninazioetan Azpeitiko Udalak, Emakumeen Mahaiak eta Hauijijai Batzordeak elkarlanean. Jaietan eraso matxistarik jazoko balitz, 688 75 10 00 telefono zenbakira deitu ahal izango dute herritarrek, eta horiek informazioa, aholkularitza nahiz aurrez aurreko arreta eta laguntza jasoko dute. Uztailaren 30ean, 31n eta abuztuaren 1ean izango da martxan telefono zerbitzua, 20:00etatik 08:00etara bitartean.

Horrez gain, indarkeria matxistaren inguruko zalantzak argitzeko, informazioa jasotzeko nahiz eraso osteko lehen arreta jasotzeko, karpa bat ere jarriko dute Plaza Txikian, azken urteetako moduan. Uztailaren 30ean 18:00etatik 06:00etara izango da zabalik; uztailaren 31n, 20:00etatik 04:00etara; eta abuztuaren 1ean, 18:00etatik 06:00etara. "Indarkeria matxistari buruzko zalantzarik baldin baduzu, erasoa jasan duzunaren susmoa izanez gero, norbait arriskuan dagoela uste baduzu edo beste edozein kontsulta egin nahi izanez gero, etorri karpara", azaldu dute haren sustatzaileek.

Eraso matxisten aurkako protokoloa osatu duten eragileek azaldu dutenez, herritar guztien ardura da eraso matxistarik gabeko Azpeitia eraikitzea, eta horregatik, herritarrei erasoen konplize ez izateko deia egin diete horiek. "Gogoratu edozein informazio edo azalpen nahi izanez gero, arreta telefonora deitu dezakezuela, baina zerbitzua arduraz erabili".

Udalak etxez etxe banatu du indarkeria matxista sahiesteko protokoloaren esku orria, jaietako programarekin batera. Gipuzkoako Hitzak eraso matxisten kontrako protokoloa martxan duten hiru herritako ordezkariekin erreportajea osatu zuen joan zen ostiraleko astekarian, eta bertan Azpeitiko Udalaren lanketa ere izan dute hizpide. Honako lotura honetan irakur daiteke erreportaje osoa.

Informazio gehiago

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu