Auto klasikoen rallya egingo dute larunbatean

Uztarria.eus 2019ko uzt. 18a, 16:50
Iazko auto klasikoen rallyko irudia. (Lagun-Artea)

11:00etan hasiko da proba, epaitegiaren aurreko plazan, eta ia 80 taldek parte hartuko dute bertan. Beste urte batez, Maykel del Cid omenduko dute lasterketan.

Auto klasikoen rallyaren XVI. edizioa egingo dute larunbatean, uztailak 20, Azpeitian. 25 urte baino gehiago dituzten ibilgailuek parte hartuko dute egitasmoan. Beste urte batez, Maykel del Cid omenduko dute, Lagun-Artea eskuderiak antolatzen zituen lasterketa guztiak zuzentzen zituena eta 2015.urtean hil zena. Ia 80 taldek parte hartuko dute omenaldian.

Rallyan garrantzitsuena ez da autoen abiadura izango; izan ere, 50 kilometro orduko abiadura izango da ibilgailuek harrapatu ahal izango duten abiadurarik handiena. Horregatik, gidariek eta kopilotuek erregularrak izateko duten abilezia izango da garrantzitsuena.

Halako probetan, inoiz ez da "faborito argirik" egoten, antolatzaileek azaldu dutenez. Dena den, normalean errepikatu egin ohi dira podiumeko izenak. Besteak beste, faboritoen artean dira Txema Foronda eta Pilar Rodas –azken hiru edizioetako irabazleak–, 1987ko BMW 325ix autoarekin; Ignacio Jose Ruiz de Infante eta Ivan Prieto, 1987ko Ford Fiesta XR2 autoarekin; Imanol Cengotita eta Joseba Rodriguez, 1986ko Peugeot 205 autoarekin; Alberto eta Angel Martinez anaiak, 1992ko Renault Clio 16V autoarekin; Ruben Aguinaco eta Pablo Llano, 1985eko VW Golf autoarekin; Joxe Labaka eta German Gonzalez, 1987ko Citroën Visa GTI autoarekin; Javier del Cid eta Ion del Cid, 1972ko Ford Escort MK-I autoarekin…

Orain arte izena eman duten ibilgailurik zaharrenak Jexux Lizaso eta Joxe Lizaso Xabaleren 1961eko Renault Rodeo autoa, Joxean Aranetaren eta Arantxa Txapartegiren 1970eko Porsche 911 autoa eta urte bereko Jagoba Agirreren eta Mikel Usabiagaren Renault Alpine autoa.

Hasiera, 11:00etan

Lasterketa 11:00etan hasiko da, epaitegiaren aurreko plazan. Urraki, Altzo-Abaltzisketa eta Zerain-Barbari ibilbidea egin ostean, 14:00etan, bazkaltzeko tartea hartuko dute gidariek. Ondoren, Matxinbenta, Errezil-Bidania-Goiatz eta Andazarrate igaroko dituzte, eta Aiara iritsiko dira. Segidan, Andatzara joango dira, eta 19:00etan, Zestoara iritsiko dira. Atseden txiki bat egin ostean, Etumetara eta Madariaga joango dira, eta 20:10 aldera amaituko dute proba, Azpeitiko epaitegiaren aurreko plazan. Leku berean egingo dute sari banaketa ekitaldia ere, 21:00etan.

Guztira, 277 kilometroko ibilbidea osatuko dute ibilgailuek. Trafikoa gelditu gabe egingo dute lasterketa, eta hori da probaren ezaugarri nagusietako bat. Hori bai, antolatzaileek herritarrei eskatu diete parte hartzaileei "ahal duten neurrian" pasatzen uzteko.