Jon Etxaniz: "Orio bezalako talde handi batera joateko beldurra nuen"

Urola Kostako Hitza | Kirolak
2019ko uzt. 18a, 12:15

15 urterekin hasi zen Jon Etxaniz (Azpeitia, 1994) arraunean, Zumaian. Zortzi urte egin zituen Telmo Deunen, eta iazko etenaren ostean, berriz hartu du arrauna, Orioko taldean.

Iazko denboraldia arraunean aritu gabe igaro ostean, Orioko gizonen talde nagusian hasi duzu sasoia. Zer moduz egokitu zara taldera?

Oso ondo hartu naute taldean. Egia esan, Orio bezalako talde handi batera joateko beldurra ere banuen hasieran. Askotan entzuten duzu halako taldeetan ez dela izaten talde txikietan egoten den giroa, baina hasieratik etxean bezala hartu naute. Zentzu horretan, ez dut kexarik. Oso gustura nago Orion.

Aurretik, zortzi urte eman zenituen Zumaiako Telmo Deun arraun klubean. Zer dela eta aldatu zara taldez?

Zortzi urtez arraunean ibili eta gero, iaz faltan sumatu nuen kirol hori. Izan ere, horrenbeste denbora kentzen duen kirolak hutsune handia uzten du. [Jon] Salsamendik deitu zidan nirekin hitz egitea nahi zuela esanez. Hark proposatu zidan Orion hastea, eta izugarrizko aukera iruditu zitzaidan. Ezin nuen eskaintza alboratu, baina duda batzuk ere sortu zitzaizkidan; izan ere, pentsatzen nuen Orion askorik ez nuela lehiatuko eta horretarako hobe nuela talde txikiago batera joatea. Azkenean, ordea, ingurukoek konbentzitu egin ninduten, eta baiezkoa eman nion taldearen eskaintzari.

Ezin hobeto hasi duzue denboraldia, zazpitik lau bandera irabazi baitituzue. Espero al zuen taldeak sasoia hala hastea?

Ez genuen espero denboraldia hain ondo hastea. Entrenamenduak oso onak egin ditugu urte osoan zehar, eta neguan egin genuen denboraldi-aurrean ere emaitza onak lortu genituen, baina ez genuen aurreikusten hain ondo hastea; zazpitik lau bandera eskuratzea asko da.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu