Gaztetxearen 14. urteurrena ospatuko dute larunbatean

Uztarria.eus | Gizartea
2019ko uzt. 16a, 12:47

Gaztetxeko kideek egun osoko egitaraua prestatu dute zapaturako. Ohi bezala, baltsa jaitsiera eta bazkaria egingo dituzte eguerdi partean. Bazkalostean, herriko raperoek kontzertua eskainiko dute, eta arratsaldean, jolasak izango dira.

Iazko baltsa jaitsierako irudia.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azpeitiko Gaztetxeak 14 urte beteko ditu aurten, eta urteurren hori ospatuko dute larunbatean, uztailak 20. Ohi bezala, egun osoko egitaraua prestatu dute Gaztetxeko kideek.

11:00etan hasiko dituzte ekitaldiak; hamaiketakoa eta baltsen erakusketa egingo dituzte plazan. Gaztetxeko kideek azaldu dutenez, oraindik ez dakite zenbat baltsak parte hartuko duten larunbateko festan. Urtero bezala, "sorpresa" izango dela aurreratu dute. "Guk gaia jartzen dugu, eta Gaztetxeko giltza uzten diegu nahi dutenei, baltsa han egin dezaten. Batzuk ikusi ditugu Gaztetxean baltsak egiten, baina beste batzuk beraien lokaletan-eta ari dira; horregatik, ezin dugu jakin oraindik zenbat izango diren". Egun horretan, plazara joaten denak aukera izango du aurtengo baltsak zeintzuk diren ikusteko.

Aurten, iaz bezala, Gaztetxeko kideek zehaztu dute zein den baltsa egiteko gaia. Urte askoan, gairik zehaztu gabe egin zuten baltsa jaitsiera, eta herritar bakoitzak nahi zuena egiten zuen. Dena den, iaz lehenengoz, antolatzaileek zehaztu zuten gaia: Azpeitiyen zer. "Egitasmoa herrira ekartzeko erabaki genuen gai hori jartzea, eta ikusi genuen oso harrera ona izan zuela gaiak. Gainera, saltsa polita sortu zen", azaldu dute. Horregatik, aurten bide bera segitu dute: "Aurten, historiatik jotzea erabaki dugu, eta horregatik da gaia Azpeitiye historiyen ziyer. Azpeitian historian zehar gauza asko gertatu dira, eta ea jendeari zer bururatzen zaion".

Bazkarirako txartelak, ostegunera arte

14:30ean, bazkaria egingo dute Gaztetxean, eta animatzen direnek oraindik badute txartelak erosteko aukera –Urola Expresen, Orkatzen eta Urtzin–; osteguna izango da horretarako azken eguna. Pasta entsalada, gisatua, postrea eta patxarana izango dira bazkaltzeko, eta begetarianoentzako menua ere prestatuko dute: pasta entsalada atunik gabe eta gisatu begetarianoa.

Arratsaldean, 17:00 aldera, kalejirak, musikak eta jolasek hartuko dute kalea. Urtero bezala, Gaztetxeko karroa aterako dute, etxean egindako sangriarekin eta musikaz girotuta. Orain arte, ur jolasak egin izan dituzte arratsaldean, baina aurten urik gabeko jolasak egitea erabaki dute antolatzaileek. "Bestelako jolas batzuk egingo ditugu; taldekako jolasak eta-izango dira. Gaztetxeko urteurreneko ekitaldietara hainbat gazte animatu ohi da, eta helburua da parrandatik haragoko harreman bat egitea haiekin jolasen bidez".

Hasierako egitarauan zehaztu ez zuten kontu bat ere izango da larunbatean: Iosu Iraola eta Iosu Carrasco Troya herriko raperoek emanaldia eskainiko dute, bazkalostean, Gaztetxean bertan. Gainera, ondoren hainbat lagun rapero gonbidatuko dituzte oholtzara, eta estilo librean ariko dira guztiak.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu