Martxan dira berriz Munoaundi aztarnategiko indusketa lanak

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 16a, 12:32
Munoaundiko indusketetako irudia.

Aranzadi zientzia elkarteak uztailaren 27ra bitartean egingo ditu lanak. Bizitokietan egiten ari diren lana aurten bukatzea espero dute. Bisita gidatua izango da larunbatean. Urola Kostako Hitzak erreportajea egin du Munoaundiko indusketen bueltan.

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi aztarnategian indusketak egiten hasi da beste urte batez Aranzadi zientzia elkartea, bi herrietako udalen eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Uztailaren 8an hasi ziren Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten, eta uztailaren 27ra bitartean arituko dira zeregin horretan. Hamabost-hemezortzi laguneko taldeak egingo du lan aztarnategian; haietako batzuk arkeologia ikasleak dira, eta beste batzuk, profesionalak.

Antxoka Martinez Aranzadiko kideak eta Munoaundiko indusketen arduradunak adierazi duenez, programazio orokorrarekin jarraituko dute aurtengo edizioan. "Orain, bigarren fasearen luzapen bat egiten ari gara. Bizitokiak aztertzen ari gara, eta nahiko aurreratuta daukagu lana. Oraindik badaukagu zer egin, baina helburua da bizitokietako lana aurten borobiltzea eta azterketak amaitzea".

Bizitokietan egiten ari diren lana aurten bukatzea espero du Martinezek, "ondo" ari baita lanean taldea. Aurrera begirako planik ere ez zaio falta indusketen arduradunari. "Bigarren fasea bukatzen ari gara, eta harresia museo bilakatzeko proiektuarekin hastea da hurrengo asmoa", azaldu du.

Iaz, bigarren eremuko sarbideko lanekin jarraitu nahi izan zuten, baina finantzaketarik lortu ez zutenez, ezin izan zuten nahia bete. Horri lotuta, “erronka handia” duela aitortu du Martinezek. “Duela bi urte, diru pixka bat lortu eta profesional talde txiki batekin sartu ahal izan ginen hara, lana pixka bat aurreratzera. Baina iaz ez nuen dirurik lortu, eta hain justu, sarbidearena da oraintxe bertan esku artean daukadan helburu estrategikoetako bat".

Asmo hori gauzatzeko bidean, proiektu bat ere aurkeztu du Matinezek. "Helburu argi bat daukagu: gunea museo bilakatzea, eta nolabait esateko, eremua bertako bizilagunei bueltatzea". Munoaundi museo bilakatu nahi dute, Azkoitiko, Azpeitiko nahiz inguruko herritarrek hura bisitatzeko aukera izan dezaten. "Azkoitiko eta Azpeitiko udalek babesa eman didate, badute gunea museo bilakatzeko interesa, eta hasiak dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin hitz egiten".

Beraz, egin beharreko lanak bukatzean, eremua museo bilakatzeko prozesua hasiko du Aranzadi zientzia elkarteak. Dena den, hori gauzatzeko finantzaketa ezinbestekoa dela nabarmendu du Martinezek: "Lan horiek profesional talde batekin egin behar dira, eta dirutza behar da horretarako".

Bisita gidatua, larunbatean

Munoaundiko ondarea eta arkeologoen lana gizarteratzeko asmoz, beste urte batez, bisita gidatua antolatu dute Azkoitiko eta Azpeitiko udalek, Foru Aldundiak nahiz Aranzadik larunbaterako. "Munoaundi guztion ondarea da eta monumetu izaera dauka; beraz, jendeari erakutsi egin behar zaio", dio Martinezek. Berak gidatuko du bisita, euskaraz nahiz gaztelaniaz.

Bisitan parte hartu nahi dutenak 11:00etan elkartuko dira, Azkoitiko Abaraxka aterpetxean (Altamira auzoa, 5). Handik, oinez joango dira Munoaundira, eta herritarrek aztarnategia bertatik bertara ikusteko eta Burdin Aroko herri harresituaren historia ezagutzeko aukera izango dute. Ordu erdi inguruko ibilbide “erraza” izango da Abaraxkatik Munoandira egingo dutena; dena den, ibiltzeko eragozpena dutenentzat ibilgailu bat jarriko dute. Mendiko botak edo oinetako egokiak, jaka eta ura eramatea gomendatu die Aranzadik bisitara joango diren herritarrei.