Ohiko saltokietan eskuratu ahal izango dira poltsa konpostagarriak datozen bi urteetan

Uztarria.eus 2019ko uzt. 12a, 17:55

2021eko uztailaren 1era bitartean Babesa arropa dendan, Itzira gozotegian, Xiriako kafetegian, Inar optikan eta Urrestillako estankoan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek poltsa konpostagarriak. Doan jaso daitezke, baina familia bakoitzak urtean, gehienez, hamabi biribilki eskuratu ahal izango ditu –40 poltsakoak dira biribilkiak–. Horregatik, herritarrek helbidea jakinarazi beharko dute poltsak eskuratzerakoan.

Urola Erdiko Mankomunitateak jakinarazi ditu Azpeitiko zer saltokik banatuko dituzten poltsa konpostagarriak datozen bi urteetan, eta ez da aldaketarik izango banaketa puntuei dagokienez. Izan ere, 2019an, 2020an eta 2021eko uztailaren 1a bitartean, Babesa arropa dendan, Itzira gozotegian, Xiriako kafetegian, Inar optikan eta Urrestillako estankoan eskuratu ahal izango dituzte herritarrek poltsa konpostagarriak. Saltoki horiek dirulaguntzak jasoko dituzte banaketa lanak egiteagatik, eta eranskailu biribil bat izango dute erakusleihoetan, poltsak banatzen dituztela adierazteko. Mankomunitateak 2021ean berriz zabalduko du dirulaguntzak eskatzeko epea.

Herritarrek doan eskuratu ahal izango dituzte poltsak saltoki horietan, baina horiek etxeko helbidea jakinarazi beharko dute kontrol neurri gisa. Familia bakoitzak urtean poltsen hamabi biribilki jaso ahal izango ditu –40 poltsa ditu biribilki bakoitzak–. Mankomunitateak gogorarazi du janari hondarrak botatzeko erabili behar direla poltsa konpostagarriak, eta patzuergoak eskerrak eman dizkie hondakinak modu egokian sailkatzeko ahalegina egiten duten herritarrei.