Munoaundi aztarnategian bisita gidatua egingo dute hilaren 20an

Uztarria.eus | Kultura
2019ko uzt. 12a, 13:43

Nahi duen orok izango du Azpeitia eta Azkoitia artean dagoen Burdin Aroko herri harresitua bertatik bertara ezagutzeko aukera. Aurten ere indusketak egiten ari da Aranzadi elkartea bertan; astelehenean hasi ziren lanekin eta hilaren 27ra arte ariko dira. Datorren zapatuan 11:00etan jarri dute hitzordua Abaraxka aterpetxean, handik Munoandira joateko.

Iazko indusketetako irudi bat.  Ikusi haundiago | Argazki originala

Azkoitia eta Azpeitia artean dagoen Munoaundi Burdin Aroko herri harresituan indusketak egiten ari da Aranzadi zientzia elkartea aurten ere, eta gune hori ezagutzeko bisita gidatua prestatu dute Aranzadik, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Azpeitiko nahiz Azkoitiko udalek hilaren 20rako, zapatua. Herritarrak 11:00etan elkartuko dira Azkoitiko Abaraxka aterpetxearen aurrean, eta handik oinez joango dira aztarnategira. Dena den, inork Munoaundira oinez joateko arazorik balu, ibilgailuan joateko aukera izango du.

Antxoka Martinez Aranzadiren Historiaurreko Arkeologia Saileko kideak gidatzen ditu Munoaundiko indusketak, eta hark eskainiko du bisita gidatua, euskaraz eta gaztelaniaz. Ordu erdi inguruko ibilbide "erraza" izango da Abaraxkatik Munoandira egingo dutena. Aranzadik mendiko botak edo oinetako egokiak, jaka eta ura eramatea gomendatu die bisitara joango diren herritarrei.

Joan zen astelehenaz geroztik ari dira hainbat lagun Munoaundin indusketak egiten, eta uztailaren 27ra arte ariko dira zeregin horretan. Iazko moduan, boluntarioak harresian, terrazamenduan eta bizitokietan ari dira aztarnen bila.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu