Ehunka herritarrek babestu dute Eneko Ibarguren 'Kurku'

Uztarria.eus 2019ko uzt. 11a, 14:15
Eneko Ibarguren 'Kurku' babesteko argazki erraldoia atera zuten Azoka Plazan.

Irailaren 16tik aurrera, Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra eta beste 46 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, "ETAren espetxe frontea" osatzea leportatuta. Ibarguren eta gainontzeko auziperatuak babesteko agerraldi jendetsua egin zuten atzo, Eneko Herrian plataformak deituta. Epaiketaren nondik norakoen berri emateaz gain, hemendik irailera bitartean izango diren ekimenen berri ere eman zuten.

Jendetza bildu zen atzo, asteazkena, Eneko Ibarguren Kurku azpeitiarra babesteko argazki erraldoian. Izan ere, datorren irailaren 16an Ibarguren eta beste 46 lagun epaituko dituzte Espainiako Auzitegi Nazionalean, 11/2013 sumarioan. Guztira, hiru hilabete inguru iraungo du epaiketak, eta hogei sesio izango dira. 2013. urtean Herriraren kontra egindako operazioan du jatorria epaiketak, eta Ibargureni eta gainontzeko auzipetuei "ETAren espetxe frontea" osatzea leporatzen diete. Fiskalak zortzi eta 21 urte bitarteko espetxealdia eskatzen du auzipetuentzat; guztira, 601 urteko espetxe zigorra. Ibargurenentzat, hamahiru urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra galdegin du. Horrez gain, 117.000 euroko isun ekonomikoa eta inhabilitazioak eskatzen ditu fiskalak euskal presoen babes taldeko kideentzat. Epaiketak berak ere 350.000 euro inguruko gastua izango duela aurreikusten du Eneko Herrian plataformak; auzipetuko 7.500 euroko gastua, hain zuzen ere. Hori guztia salatzeko agerraldia egin zuen plataformak Sanagustin kulturgunean, eta Ibarguren eta gainontzeko auzipetuak babesteko, iraila bitartean egingo dituzten ekitaldietan parte hartzeko deia egin zieten herritarrei. Hain zuzen ere, epaiketak izango duen gastu ekonomikoari aurre egiteko elkartasun ekonomikoa ezinbestekoa izango dela azaldu zuen Ibargurenen aldeko plataformak.

Eneko Herrian plataformako Haizea Egigurenek hemendik irailera bitartean izango diren ekitaldien berri eman zuen. Hark azaldu zuenez, irailaren 14an, 47 auziperatuei atxikimendua adierazteko manifestazio nazionala izango da Bilbon, eta data hurbiltzen joan ahala informazio gehiago emango dute. Horren aurretik, irailaren 7an, mosaiko erraldoia eta Ibargureni babesa adierazteko ekitaldia izango dira Azpeitian. Horrez gain, elkartasun ekonomikoari "garrantzia" eman nahi izan diotela adierazi zuen, eta 5-10 eurotan txapak jarri dituzte salgai. Bestalde, herritarrek banaka nahiz taldeka ateratako argazkiekin eta bideoekin bilduma bat egiteko asmoa ere badutela azaldu zuen Egigurenek; sare sozialen bidez eta e-postaz bidali ahal izango dituzte herritarrek argazkiak eta bideoak. 

Etenik gabeko atxiloketak

Agerraldian, Iñaki Errazkin Eneko Herrira plataformako kideak epaiketaren nondik norakoak azaldu zituen. Hark azaldu zuenez, "oso larria" da fiskalak Ibargurenentzat eta beste 46 lagunentzat eskatzen duen espetxe zigorra. Errazkinek epaiketaren kronologia azaldu zuen agerraldian: Herrira plataforma 2012. urtean euskal presoen eskubideak "babesteko" sortu zutela azaldu zuen; 2011. urtean ETAk jardun armatua utzi ondoren eratu zen, "euskal gatazkaren konponbidean" presoen eskubideen gaia jorratzeko. 2013. urteko irailean egin zen lehenengo polizia operazioa Eloy Velasco epaileak aginduta, eta hemezortzi pertsona atxilotu zituzten orduko hartan. 2014. urtean beste sarekada bat izan zen bitartekarien aurka, eta zortzi pertsona atxilortu zituzten orduan. 2015. urtean, abokatuen aurkako operazioa izan zen, eta hamabi abokatu eta plataformako beste lau kide atxilotu zituzten. Urte berean, Etxerat eta Jaiki Hadi erakundeetako kideak atzeman zituzten. Errazkinek adierazi zuenez, Euskal Herriko egoera politikoa 2011. urtetik aldatu egin da, baina azken urteetan Espainiako Gobernua presoen aldeko elkartasun politikoa, soziala eta osasun arlokoa "mozten" saiatu da eta presoen gaia "etekin politikorako" eta "zatiketak sortzeko" erabili izan du Madrilek. "Errepresio" horri erantzun "erraldoia" eman behar zaiola adierazi zuen Errazkinek.

Ibarguren bera ere atzoko agerraldian eta argazkian izan zen, eta Eneko Herrian plataformari eta herritarrei "jasotako babesa" eskertu zien. Epaiketari aurre egiteko auzipetuak "prestatzen" ari direla adierazi zuen Ibargurenek, eta auziperatu guztiek epaiketari "modu kolektiboan" erantzungo diotela azaldu zuen azpeitiarrak. Presoak babesteko jarduna "zilegia" izan zela gaineratu zuen, eta orduan egindako lana epaileen eta komunikabideen aurrean ez dutela ezkutatuko ere esan zuen. Horrez gain, Ibargurenek Josu Urbieta Pow eta Gotzon Aranburu azpeitiko presoak izan zituen gogoan agerraldian.