25 azpeitiarrek parte hartuko dute Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi mendi lasterketetan

Uztarria.eus 2019ko uzt. 9a, 18:20
Iaz Azpeititik igaro zen Ehunmilak proba, baina ekaitza zela eta, bertan behera gelditu zen ultra traila.

Zazpi herritarrek eman dute izena Ehunmilak lasterketan, hamaseik Goierriko 2 Handiak proban, eta bik Marimurumendi maratoian. Ostiraletik larunbatera bitarteko gauean Azpeititik igaroko da Ehunmilak. 

Mendi lasterkariek hitzordu garrantzitsua dute asteburu honetan; izan ere, Ehunmilak, G2H eta Marimurumendi probak jokatuko dituzte datozen egunetan. Proba gogorrak izanagatik, 25 herritarrek parte hartuko dute horietan. Gainera, Azpeitian bizi diren beste hainbat ere aterako dira lasterketetan. 

Ehunmilak lasterketa da hiruretan luzeena; 168 kilometroko ibilbidea du, eta zazpi azpeitiarrek parte hartuko dute bertan. Hain zuzen ere, Ibon Lazkano, Joxelu Albizuri, Ugaitz Agirregomezkorta, Haritz Iturbe, Aitor Cordoba, Artzai Ostolaza eta Oskar Alkorta aterako dira proba horretan. Lasterkariak ostiralean abiatuko dira Beasaindik, 18:00etan. 

Bestalde, G2H proban aterako dira herritar gehien: guztira, hamasei. 88 kilometroko ibilbidea du probak, eta honako hauek dira bertan izena eman duten herritarrak: Nerea Azpiazu, Iñigo Orbegozo, Aimar Iraola, Pello Angulo, Jexux Mari Errazu, Iñaki Jauregi, Gaizka Aranguren, Kepa Ibarzabal, Jon Ibarmia, Jagoba Lazarobaster, Mikel Soraluze, Aitor Zialtzeta, Unai Zubizarreta, Ion Intxausti, Jagoba Urain eta Unai Zialtzeta. Korrikalariek ostiralean hasiko dute proba, 23:00etan. 

Marimurumendi lasterketan, berriz, bi herritarrek eman dute izena: Arkaitz Garaiak eta Raul Cuadradok. Proba horrek maratoi baten distantzia du; hau da, 42 kilometroko ibilbidea. Igandean hasiko da proba, 08:00etan. 

Ehunmilak, Azpeitian

Hiru proba horietatik bat ikusteko aukera izango da herrian. Hain zuzen ere, Ehunmilak lasterketa Azpeititik igaroko da, ostiraletik larunbatera bitarteko gauean. Antolatzaileen arabera, 23:00 aldera iritsiko dira lehen korrikalariak Azpeitira; azkenak, berriz, zapatuko 07:45 aldera. 53. kilometroan igaroko dira lasterkariak Azpeititik, eta Azoka Plazan izango da anoa postua. Handik, Zelatunera joango dira partaideak.