Tourraren Pirinioetako hiru etapa ikusteko autobusa antolatu dute

Uztarria.eus 2019ko uzt. 8a, 19:52

Hilaren 18an, 19an eta 20an jokatuko diren Toulouse-Bagneres de Bigorre, Pau-Pau eta Tarbes-Tourmalet Bareges etapak zuzenean ikusteko irteeran parte hartu nahi dutenek Aitzaki Kirolakera deituta eman dezakete izena, hilaren 15a baino lehen.

Aurten ere antolatu dute Frantziako Tourraren Pirinioetako etapak ikustera joateko autobusa. Aurrekoetan bezala, Oñatiko Markel Irizar peñakoekin batera prestatu dute bidaia. Hilaren 17an arratsaldez irtengo da autobusa eta bidaian parte hartu nahi dutenek Aitzaki Kirolakera deituta (943-53 27 70 telefonoa) eman behar dute izena; gaur zortzi, hilaren 15ean, itxiko da epea.

Hiru etapa ikusteko aukera izango dute irteerarako izena ematen dutenek, hilaren 18tik 20ra bitartekoak, datorren asteko ostegunetik zapatura bitartekoak: Toulouse-Bagneres de Bigorre, Pau-Pau eta Tarbes-Tourmalet Bareges. 190 euro ordaindu behar dira (90 euro, 17 urtez azpikoek), eta jatekoa eta edatekoa prezio horren barruan sartzen dira. Bidaiaren xehetasun gehiago jakin nahi dituenak, Aitzaki Kirolaken galde dezake.