Jexux Zelaiak hirugarren egin du Espainiako kilometro bertikaleko txapelketan, beteranoen mailan

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko uzt. 8a, 11:56

Espainiako kilometro bertikaleko txapelketa jokatu zuten atzo, igandea, Sierra Nevadan (Granada, Espainia), eta Jexux Zelaia korrikalari azpeitiarrak hirugarren postua eskuratu zuen beteranoen mailan (irudian, eskubitik aurrena). Goizean zehar egin zuen haizeteak goitik behera baldintzatu zuen proba, eta antolatzaileek egokitu egin behar izan zuten lasterketa bera; eguraldiaren ondorioz, probaren desnibela 1.050 metrotik 950 metrora murriztu zuten antolatzaileek, eta azpeitiarrak 49 minutu eta 20 segundoan osatu zuen 4,8 kilometroko ibilbidea. Hain zuzen ere, haizetearen ondorioz, proba "gogorra" egin zitzaion azpeitiarrari. "Tenperatura aldaketa handia zegoen irteeratik helmugara bitartean, eta baldintza oso zailetan egin genuen korrika", adierazi du azpeitiarrak.

Espainiako txapelketa ez ezik, Espainiako Koparako puntuagarria ere izan zen atzoko proba. Koparako lehen lasterketa puntuagarria Kantabrian jokatu zuten, eta orduan ere Zelaiak lehen postua eskuratu zuen beteranoen mailan. Bigarren proban ez zuen parte hartu, eta atzoko emaitza lortuta, egun, Espainiako Kopako sailkapenaren buruan da azpeitiarra. Irailaren amaieran jokatuko dute azken proba puntuagarria Canfrancen (Huesca, Espainia); Zelaia jakitun da kopa irabazteko "aukerak" badituela, eta horretarako prestatzen hasiko da orain.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu