Kirolean eskola

Uztarria.eus 2019ko uzt. 8a, 13:16
Maixol Rezola. (Mailo Oiarzabal)

Saskibaloian serio hasi zenetik joan dira 30 urtetik gora, eta denbora horretan beti, zuzenean edo zeharka, egon da herriko kirolari lotuta Maixol Rezola. 2019ko ekaineko Uztarria aldizkarian Bestaldetik atalerako hitz egin du harekin Mailo Oiarzabal kazetariak.

"Altua zarelako". Kito. Maixol Rezolak (Azpeitia, 1971) ez zuen Esklabetako ikastetxeko saskibaloi taldean jokatzeko inongo asmorik, baina altua zen, eta señorita Rosaliak ez zion aukeratzen utzi. "Nik ez nuen nahi. Oso lotsatia nintzen, altua izateagatik izugarrizko konplexua nuelako, hain zuzen; egundoko koska ateratzen nien nire adineko gehienei. Baina andereñoak apuntatu, eta joan egin behar, eskolan ondorioen beldur ez egoteko". Horrela, gogoz kontra hasi zen Rezolaren eta kirolaren –bereziki saskibaloiaren– arteko lotura, harrezkero ia etenik izan ez duena.

Bizitzaren etapa bat bukatzera doa orain azpeitiarra. Hamabi ikasturtez izan da Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko eskola kiroleko koordinatzaile eta ikasturte hau amaitzearekin batera utziko du eginkizun hori.

Altua bakarrik ez

Ageriko garaiera ez ezik, saskibaloirako gaitasuna ere bazuen, ordea, Rezolak. Eskolarteko txapelketetan "erraz" ibiltzen zen Jose Luis Zubizarreta Xubik entrenatzen zuen Esklabetako talde hura, eta Rezolaren jardunak bazuen horretan zeresana; "70 puntu-eta" sartzen zituen. Iraurgi Saskibaloian jarraitu zuen Rezolak eskolan hasitako bidea, Xubiren eskutik. Lau urtez jokatu zuen Euskadiko selekzioan, ia jokalari guztiak hiriburuetakoak izaten zirenean. "Hiru urtetan iritsi ginen Espainiako Txapelketa jokatzera, eta hiruretan sailkatu ginen hirugarren postuan, beti madrildarren eta katalanen atzetik. Hemengo txapelketetan ni altua nintzen, baina Espainiakoetan Euskadiko pibotak 'las pequeñas' ginen. Guk, hori bai, mila buelta ematen genizkien kankailu haiei, garaiera handia baitzuten, baina teknika gutxi". Katalunian jokatu zen Munduko Txapelketan ere lehiatu zen Rezola, eta Euskadiko selekzioarekin, gainera, 15 urterekin.

Hala ere, jokalari gaztetxoa zeneko "oroitzapen onik ez” du. Partidetan "gaizki pasatzen" zuen, bereziki garai hartan Azkoitiko zein Azpeitiko herriko plazetan jokatzen zituzten eskolarteko finaletan. "Gigante, jirafa... dena ziren isekak; gainera, Xubi nuen ondoan, estutzen. Eta ez zegoen non ezkutaturik". Aurkariek eta kanpotik begira zeudenek ikusten zutena eta berak bizitakoa ez datozela bat azpimarratu du: "Jendeak, itxura denez, lider gisa ikusten ninduen, hala esan izan didate gerora, baina nire pertzepzioa ez zen hori. Txikitan, ez nuen horrela bizi izan, alderantziz baizik; hausnarketa hori egina dut, baita Xubiri esanda ere. Nik ez nuen saskibaloian ona izateaz gozatu".

Sasoi hartan Iraurgik ez zuen emakumeen talde seniorrik. Donostiako Las Banderas taldeak, Lehen Mailan lehiatzen zenak, goi mailan bidea egiten hasteko aukera eskaini zion Rezolari, baina eskaintzari uko egin eta saskibaloia utzi zuen azpeitiarrak; "erreta" zegoelako, besteak beste: "Erreta nengoen, erre egin ninduten, erre egin nintzen. Gainera, ez zidan konpentsatzen; neska nintzen, zer lortuko nuen?".

Ez zituen, hala ere, urte asko egin saskibaloitik eta Iraurgitik aparte. Bergaran urritasun fisikoa eta psikikoa zutenen hezitzaile tekniko titulua ateratzen ari zela jaso zuen klubaren proposamena, nesken taldea entrenatzeko. Gaztetxotan ere aritua zen txikien taldeak entrenatzen, "Xubiren laguntzaile", eta onartu egin zuen erronka. Gazte mailako nesken bi talderen ardura hartu zuen, eta jokalari sasoian taldekide izandakoekin zein aurretik ibilitako beste batzuekin sortu zuten, era berean, Iraurgiren lehen talde seniorra izango zena. Partidak jokatzeko besterik ez ziren elkartzen, ez zuten entrenatzen, eta hala ere, neurketa bat bera galdu gabe osatu zuten "'partidaren bat irabazten badugu, afaria egingo dugu'" helburuarekin hasi eta Erregional ligan hiru urte iraun zuen ibilbidea.

Iraurgi SBn "denetarik" egin du. "Umetan hasita, jokalari izan naiz, entrenatzaile izan naiz, zuzendaritzan egon naiz", osatu du zerrenda. Eta ez du gaur arte klubarekin mantendu duen lotura eteteko asmorik.

 

 

Lasai egotea

Saskibaloian adina ez, baina ez dira gutxi Rezolak eskola kirolarekin lotuta egin dituen urteak. Lanaren bidez iritsi zen eskola kirolera, talde bat entrenatzeko; talde gehiago etorri ziren ondoren, eta koordinatzaile ardura azkenean, orain utziko duena. Klubean eta eskola kirolean, bietan batera, izan ditu ardurak urte askoan. "Azkenean, bizitza soziala kirolarekin lotuta egiten duzu", aitortu du.

Lanak eta kirol jarduerak libre utzitako tarteetan, "planik onena lasai egotea" da Rezolarentzat. "Etxean egotea, pasieran ibiltzea edo hankaz gora egotea, berdin zait. Beti zaude jende artean, ume artean; lanean ere, hezkuntzan aritzen naiz, heziketa berezian". Gainera, fibromialgia du, "atsedena eskatzen" dion gaitza. 22 urterekin kirola egiteari utzi behar izan zion. "Zortzi urtez egon nintzen bizimodu normala egin ezinda, bizi kalitaterik gabe", kontatu du. Gaur egun, medikazioak lagunduta, hobetu zaio bizi kalitatea eta lehen egin ezin zituen "gauza asko" egiten hasi da. "Duela lau urte, berrogei eta piko urterekin, 18-20 urteko nesken sparring lanak egiten ibili nintzen Iraurgi klubean, eta hura izugarria izaten zen niretzat. Eta palan ere ibiltzen naiz".

Kirola egitea gustatzen zaio, eta kirola ikustea ere bai, "edozein kirol eta edozein mailatakoa", zuzenean eta bertatik bertara bada. Baina telebistan, ez. "Ez dut sekula saskibaloi partidarik ikusi telebistan, deskonektatu egiten nuen. Niri Baskoniaz-edo hitz egiten didate, eta ez dakit nork jokatzen duen Baskonian, inoiz ez dut jakin izan". Telebistan Joko Olinpikoak jarraitzea gustatzen zaio, "eta ETB emakumeen kirola ematen ere hasi denez, horiek ere bai". Pilota da, hala ere, azken urteetan telebistan gehien kontsumitzen duen kirola, "Jokin Altunak jokatzen duenean". Txikitatik ezagutzen du Jokin.

Aspaldian tarterik ez diela eskaini dio, baina irakurtzea eta bidaiatzea gustuko jarduerak ditu. "Lehen asko irakurtzen nuen. Beti esaten diot neure buruari udan irakurriko dudala, baina ez. Ea, uda honetan...". Ametsetako bidaiaz galdetu beharrik ere ez dago: "Afrika beltza" ezagutu nahi du egunen batean, "denbora luzea" hartuta. "Ez dakit zergatik, baina txiki-txikitatik erakarri izan nau Afrikak". Bidaiatzea "gauzarik ederrena" da Rezolarentzat, eta saiatzen da alabari mezu hori helarazten: "Beti esaten diot ezagutzeko bazterrak, jende desberdina ezagutzeko, burua irekitzeko; inportantea iruditzen zait".

Eskola kiroleko ardurak uztera dihoala, "eskerrak eman" nahi ditu Rezolak. "Lehenengo-lehenengo, gurasoei"; kirola eta lana uztartzeak "etxetik kanpo ordu asko" egitea ekarri dio, eta gurasoak "beti hor" eduki ditu. Alex Astigarraga, Eskola Kirol Kontseiluko koordinatzaileak eta bi udaletako teknikariak eta Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai ere eskertu ditu. "Eta nola ez, nire eskuetatik igaro diren ume guztiak”".