Zuri-gorri bilakatu da Azpeitia, San Fermin Txiki festan

Uztarria.eus 2019ko uzt. 5a, 14:56

Larunbatean hasiko dira Iruñean eta Euskal Herriko beste hainbat txokotan sanferminak, baina Azpeitira gaur iritsi dira festak. Izan ere, udaleku irekietako umeek San Fermin Txiki eguna ospatu dute gaur. Beste urte batez, arropa zuriak eta zapi gorria jantzi, eta haur ugari murgildu da jaian. 12:00etan, pregoia irakurri eta suziria bota dute gaztetxoek udaletxeko balkoitik, eta ondoren, Alde Zaharretik barrena lasterka ibili dira udalekuetako umeak nahiz begiraleak. Plazan amaitu dute entzierroa, eta bertan, lauzpabost abesti kantatu dituzte. Giro paregabea sortu da herrian.