Jose Mari Orbegozoren eskolakoek emanaldia eskainiko dute igandean

Uztarria.eus 2019ko uzt. 5a, 13:02
Dantzakiko ikasleek iaz Azpeitia Dantzanen eskainitako emanaldia.

Dantzaki eskolako ikasleek askotariko dantzak egingo dituzte igandean, Soreasu antzokian, 20:00etan hasita. Azpeitia Dantzan egitasmoko bigarren emanaldia izango da.

Jose Mari Orbegozoren dantza eskolakoek ikuskizuna eskainiko dute igandean, uztailak 7, Soreasu antzokian. Azpeitia Dantzan egitasmoko bigarren emanaldia izango da Dantzakiko ikasleena. 20:00etan hasiko da saioa, eta erritmo askotako dantzak ikusi ahal izango dira bertan: bachata, sanba, rock-and-rolla, txa-txa-txa, sabel dantza, zunba, salsa, musikala, Sevillako dantzak eta funky. Askotariko dantzak uztartzeaz gain, adin guztietako jendeak parte hartuko du zuzenekoan: 6-7 urteko haurrak izango dira gazteenak, eta erretiratuak helduenak.

Joan den astean egin zuten Azpeitia Dantzan egitasmoko lehen emanaldia Itsasi dantza taldekoek, eta hilaren 13an izango da hirugarren eta azken ikuskizuna: Sahatsa dantza taldeak Bizkaia, soineko zuriz jantzia ikuskizuna eskainiko du.