Ekain Ibarguren: "Batzuk harritu egiten dira pailazo izateagatik pagatzen didatelako"

Gipuzkoako Hitza | Kultura
2019ko uzt. 5a, 10:31

Uda "bete-betea" aurreikusten du azpeitiarrak, baina "oso pozik" dago, zirkuan lan egiteko ametsa betetzen ari delako. Ile zuriarekin eta zimurrekin ere, "hil arte" hantxe jarraituko lukeela azaldu du. 'Gipuzkoako Hitza' astekariko Aitziber Arzallus kazetariak elkarrizketa egin dio pailazoari.

Azpeitian eta inguruko herri askotan Ekain-Txou ikuskizunak egin du ezagun Ekain Ibarguren (Azpeitia, 1996), baina handik kanpo ere ezagutzen dute askok, ETB3ko 3zpa4 saioan Amets hezurmamitu duelako bi denboralditan. Lan horiek amaituta, gaur egun zirkuan ari da lanean: Gure Zirkuko malabarista da.

Nolako uda aurreikusten duzu?

Bete-betea. Maiatzean hasi genuen denboraldia, eta abendu aldera arte herriz herri ibiliko gara Gure Zirkuarekin. Baina gustuko lana da, eta pozik nabil.

Zer egitea duzu gustukoen?

Pailazoarena. Zer naizen galdetzen didatenean, pailazoa naizela esaten dut beti. Dena sartzen da hor. Pailazoak egin ditzake imitazioak, eskujokoak, magia…

Zer erantzuten zenuen handitzean zer izan nahi zenuen galdetzen zizutenean?

Pailazoa izan nahi nuela.

Zer esaten zizuten etxean?

Lehenik eta behin, ikasteko, eta gero egingo nuela nahi nuena.

Kasurik egin zenien?

Ez.

Zer ikasi zenuen?

Batxilergoa bukatu nuen lehenengo, eta Haur Hezkuntza ikasten hasi nintzen ondoren, baina utzi egin nuen.

Pailazoa jaio egiten da ala egin egiten da?

Jaio egin behar dela uste dut. Edozeinek jantz dezake ileorde bat eta margo dezake aurpegia, baina bokazioa behar da. Lehengoan Ikerrek [Galartza] esaten zuen gure lana ezin duela edonork egin, baina ofizioa duenari ez zaiola lanik faltako. Eta arrazoia du; gurea hori da, ofizioa daukagula. Jakin nahiko nuke zenbat ingeniari dauden orain lanik gabe; eta guk, zirkua eroriko balitzaigu, Donostiako Bulebarrera joan, txapela pasatu eta ogitarteko baterako lain, behintzat, lortuko genuke.

Zer behar da pailazo ona izateko?

Gustatu egin behar zaizu egiten duzuna, eta ahalik eta gehiena prestatu behar zara gero, gure lanbidean beharrezkoa delako baliabideak izatea.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren atarian.

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu