Herriko eragileekin bildu da Udal Gobernu berria

Uztarria.eus 2019ko uzt. 4a, 17:10

Agintaldi berriari ekin eta Udaleko batzordeak banatzeaz batera, Udal Gobernua herriko eragileekin bildu da antolaketa berriaren eta hemendik aurrerako asmoen berri emateko. Atzo, osteguna, 120 lagun inguru bildu ziren Sanagustin kulturgunean Udalak eta herriko eragileek egindako bileran. Hasteko, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak Udalak datozen urteetarako dituen asmoen berri eman zuen. Ondoren, zinegotzi bakoitzak bere arduren berri eman zuen, eta arlo bakoitzeko erronka nagusiak zeintzuk diren azaldu zuten.

Alkortak aurkezpenean adierazi zuenez, azken urteetan Udalak egindako ibilbidea "emankorra" izan da, eta azpimarratu zuen, parte hartzeari dagokionez "aurrerapauso garrantzitsuak" eman direla pasa den agintaldian. Datozen urteetara begira, orain arte emandako pausoetan "sakontzea" eta egindako ibilbidea oinarri hartuta "egiteko moduetan" hobetzea tokatzen dela azaldu zuen alkateak. Horrez gain, Udal Gobernu berriak "Azpeitiaren isla" izan nahi duela gaineratu zuen Alkortak: "Proiektu zabala, integratzailea, sentsibilitate desberdinetako jendea batzen duena eta ilusioz betea bultzatuko dugu".

(Argazkia: Azpeitiko Udala)