Udako festetan lan egiteko hainbat postu eskainiko du Udalak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 4a, 13:11

Interesatuek bihartik uztailaren 12ra bitartean eman ahal izango dute izena, Udaleko Sarrera Erregistroan. Langileak aukeratzerakoan, euskararen ezagutza, langabezian egotea eta halako eginkizunetan esperientzia izatea hartuko dituzte kontuan.

Udako herriko festek irauten duten epealdirako hainbat eginkizunetan aritzeko pertsonak kontratatuko ditu Azpeitiko Udalak. Interesatuek bihartik –uztailak 5– hilaren 12ra bitartean eman ahalko dute izena, bi egunak barne, Udaleko Sarrera Erregistroan. Zeregin horietan aritzeko, 16 urtetik gora izan beharko dituzte herritarrek ezinbestean. Izena ematerakoan, NANaren fotokopia aurkeztu beharko da, eta langabezian daudenek, hori horrela dela ziurtatzen duen agiri eguneratua ere eraman beharko dute. Langileak aukeratzerakoan, langabezian egotea –epe luzeko langabetuak lehenetsiko dituzte–, euskararen ezagutza izatea, Azpeitian erroldatuta egotea eta halako eginkizunetan esperientzia izatea kontuan hartuko dituzte. Hemen eskura daiteke eskaera orria.