Oier Ibarguren: "Horrela segituz gero, aukera izan dezaket dei bat jasotzeko"

Urola Kostako Hitza 2019ko uzt. 4a, 14:30
Oier Ibarguren.

Baque Ideus BH taldeko kideak brontzezko domina eskuratu berri du Espainiako txirrindularitza txapelketan, 23 urtez azpikoen mailan. Profesionaletara salto egitea lortzen ez badu, bizikleta utziko du.

Auskalo zenbat pedalkada eman dituen Oier Ibargurenek (Azpeitia, 1997) bizitza guztian zehar. Elkarrizketara ere, lau orduko entrenamendua egin ostean azaldu da. Bolada onean dabil, eta hala ere, bizikletak zer ematen dion galdetuta, argi dio: "Buruko min asko". Sarritan, kirolak onetik baino txarretik gehiago duela aitortu du: "Agian, lasterketa bat ez zait ondo ateratzen, eta zera galdetzen diot neure buruari: ‘Zergatik ez zait ondo atera?’. Beti horrelako kezkak izaten ditut buruan". Dena den, izango du zerbait ona. "Bai, noski, hori ere bai".

Espainiako txirrindularitza txapelketan hirugarren sailkatu zara, 23 urtez azpikoetan. Zer esan nahi du horrek zuretzat?

Inportantea da niretzat. Banekien indartsu nengoela, ondo ari naiz entrenatzen eta lehian ondo ari zaizkit gauzak ateratzen, eta ikusi dut Espainiako txirrindulari onenen artean nagoela. Nahiz eta proban hirugarren egin nuen, erori ez banintz, hobeto egin nezakeela uste dut. Laukote bat gindoazen aurretik, eta haien artean ez nintzen agian indartsuena izango, baina irabazteko aukerak banituen. Laukote horretan sekulako izenak zeuden, Carmelo Urbanorena, esaterako. Sekulako txirrindulariak dira nire ondoan joan ziren beste hirurak, eta niretzat oso garrantzitsua da haien artean egotea.

Hirugarren bukatzeak baino gehiago betetzen al zaitu horien mailan zaudela sentitzeak?

Bai, hori da. Jende askok esan dit: "Pena duk erori izana". Eta hala da, baina txirrindulari horien parean egotea sekulakoa izan da niretzako. Egia esan, ez daukat erori izanaren penarik.

Balaztarekin arazoak izan zenituen proban, eta bi aldiz erori zinen. Zer gertatu zen?

Lasterketaren erdialdera antzeman nuen aurreko balazta huts egiten hasi zitzaidala. Horregatik, jaitsieretan geratzen hasi nintzen, sufritu egiten nuen jaisten. Normalean, gainera, ondo jaisten naizen fama daukat, zoro samarra naizela diote, eta gelditzen ari nintzela ikusi zutenean, antzeman zidaten zerbait gertatzen zitzaidala.

Sekula gertatu al zaizu antzeko ezer?

Duela bi aste izan nuen arazo berbera.

Ez al duzu bizikleta aldatzea pentsatu?

Denek gauza bera esaten didate. Bizikletarekin ez naiz zorte ona izaten ari aurten; gurpilak zulatu, puskatu… denetarik gertatu zait. Baina oso gustura nago bizikletarekin, katxarro ederra da. Ez dut aldatuko, hori ama bezala da: bere zerak edukiko ditu, baina ez dago aldatzerik.

Jarraitu elkarrizketa irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.