75 urte, eta aurrera

Uztarria.eus 2019ko uzt. 4a, 12:01

Lagun Onak futbol taldea 75. urtemuga ari da ospatzen aurten. Klubaren historiako hainbat argazkirekin eta Julene Frantzesena kazetariaren testuekin osatuta dago 2019ko ekaineko Uztarria aldizkariaren Klik! argazki erreportajea.

Lehen partida ofiziala

Lagun Onaken sortu zuten lehen taldea gizonena izan zen. Hainbat norgehiagoka jokatuta, lehen partida ofiziala 1944ko irailaren 24an jokatu zuen taldeak. Plaentxiaren kontra neurtu zituen indarrak, Azkoitiko Altzibar futbol zelaian. 2 eta 0 nagusitu zen Lagun Onak, eta bi golak Jose Manuel Larrañagak sartu zituen. Zaleen babes handia izan zuten Azpeitiko jokalariek.

 

Garmendiperen inaugurazioa

Hiruzpalau denboralditan partidak Azkoitiko Altzibar futbol zelaian jokatu ostean, Lagun Onakek herrian futbol zelai bat egiteko eskaera egin zion Azpeitiko Udalari. Herrian futbol zaletasun handia zegoen sasoi hartan, eta hori ikusirik, udalak eta klubak lanak egiteko tratua erdietsi zuten. 1946ko ekainaren 23an inauguratu zuten Garmendipe futbol zelaia. Realak eta Athleticek jokatu zuten zelai horretako estreinako partida. Aita Larramendik –goiko argazkian– bedeinkatu zuen zelaia, eta Lagun Onakek hura omendu zuen, egindako lanagatik.

 

Txalinto taldearen sorrera

Lagun Onakek gizonen bigarren taldea sortu zuen 1946. urtean. Hain zuzen ere, lehen taldea Bigarren Erregional Mailara jaitsi zen, eta ondorioz, jokalari askok taldea utzi zuten. Egoerari buelta emateko eta harrobia osatzen hasteko sortu zuten bigarren taldea, eta Txalintxo izena jarri zioten. Hiru denboralditan soilik jokatu zuen taldeak, marradun kamiseta zuri-urdinarekin.

 

Anaitasunaren aurkako lehen derbia

Lagun Onakek eta Anaitasunak 1947-48 denboraldian jokatu zuten aurreneko derbia, baina lagun arteko partida izan zen orduko hura. Lehen derbi ofiziala, berriz, 1952-53 denboraldian jokatu zuten. Ordutik, mailaz maila, neskek zein mutilek, hamaikatxo derbi jokatu dituzte bateko eta besteko futbol zelaietan. Argazkian, lehen derbi hartako Lagun Onakeko eta Anaitasunako ordezkari Alfonso Elorza eta Epifanio Zubizarreta, epaile taldearekin.

 

Espainiako Hirugarren Mailara igoera

1975eko maiatzaren 25ean lortu zuen Lagun Onakeko gizonen lehen taldeak Espainiako Hirugarren Mailara igotzea. Garmendipe futbol zelaia jendez leporaino bete zen taldeak igoera eskura zezakeen partida hartan, eta jokalariek ez zuten hutsik egin: 4 eta 2 irabazi zuten neurketa. Marcial Elorzak sartu zituen bi gol, eta bana Pedro Etxeberriak eta Lukas Olaizolak. Zaleek eta klubak gogotik ospatu zuten igoera, eta ondoren jokalariei harrera egin zieten udaletxean.

 

Nesken lehen taldea

Lagun Onak taldea sortu eta 50 urtera, 1994. urtean, eratu zuen klubak nesken aurreneko taldea. Honako neska hauek izan ziren aitzindariak Azpeitian: goiko ilaran ezkerretik eskuinera, Miriam Arrieta, Oihana Zubillaga, Aiora Iriarte, Leire Barrena, Nagore Ruiz de Larrinaga, Mireia Arregi, Amagoia Etxeberria, Lorea Landa, Nagore Alkorta eta Ainhoa Lasa; erdian, Iñaki Arrieta entrenatzailea, Jose Mari Eizagirre presidentea eta Lukas Olaizola entrenatzailea; eta beheko ilaran, Ainhoa Unanue, Olatz Aranguren, Rocio Castillo, Aitziber Mendoza, Zarala Zeberio, Onintza Zeberio, Leire Ibarguren, Itziar Olaizola eta Olaia Zabaleta.