Zehaztu dituzte udaleko batzordeak, hautetsien ardurak eta ordainsariak

Uztarria.eus 2019ko uzt. 3a, 15:45
Atzoko udalbatzarra.

Aurreko agintaldiko egiturak eta soldatak mantenduko dituzte. Liberazioei dagokienez, Udal Gobernuko sei hautetsik izango dute arduraldi erabatekoa edo partziala: Nagore Alkortak, Josu Labakak eta Leire Goenagak %100eko liberazioa izango dute, Aitor Bereziartuak %50ekoa, Mikel Odriozolak %30ekoa eta Eneritz Albizuk %20koa. Lehen aldiz, oposizioko hautetsi batek ere, Amaia Etxeberriak, %100eko liberazioa izango du.

Ekainaren 15ean karguak hartu eta Udalbatza berria osatu ondoren, atzo egin zuten udaletxean 2019-2023 agintaldiko Azpeitiko Udalaren antolaketa zehazteko osoko bilkura. Bertan, besteak beste, informazio batzordeak, hautetsien ardurak eta ordainsariak zehaztu zituzten. Nagore Alkorta alkateak hasierako hitzartzean azaldu zuen atzoko batzarrean onartzeko aurkeztuko zituzten proposamenen gainean hitz egiteko bilerak eginak zituztela EH Bilduren Udal Gobernuak eta oposizoko talde bakarrak, EAJk. Atzoko udalbatzarrean, aho batez onartu zituzten bi taldeek proposamen guztiak.

Aurreko agintaldiko egiturak eta soldatak mantendu egingo dituzte udalean hasi berri den agintaldian. Horrela, zortzi informazio batzordetan banatuko dituzte lanak eta batzordeburu guztiak izango dira Udal Gobernuko kideak. Alkortaren esanetan, batzordeen kopurua eta gaien banaketa "bat datoz udalaren barne egiturarekin, eta bai gobernuko, bai oposizioko zinegotzi ezberdinen parte-hartzea ahalbidetzen du". Hau da batzordeen eta dagozkien batzordeburuen zerrenda:

  • Estrategia eta Hirigintza: Josu Labaka.
  • Ogasuna eta Langileria: Leire Goenaga.
  • Ekonomia: Nagore Alkorta.
  • Kultura, Euskara eta Parte-hartzea: Eneritz Albizu.
  • Festak, Gazteria eta Hezkuntza: Mikel Odriozola.
  • Gizarte Beharrak eta Parekidetasuna: Leire Goenaga.
  • Kirolak: Egoitz Arruti.
  • Barne Antolaketa, Ingurumena eta Auzoak: Aitor Bereziartua.

Aurreko agintaldian bezala, bost zinegotzik osatuko dute batzorde bakoitza: hiru EH Bildukoak izango dira eta bi EAJkoak. Aipatutako informazio batzorde iraunkorrez gain, legeak agintzen duen Kontuen Batzorde Berezia ere osatu zuten atzokoan; Leire Goenaga izango da batzorde berezi horren burua.

Udalean ordezkaritza duten bi talde politikoek beren bozeramaileak izendatzeko ere balio izan zuen atzoko batzarrak: Josu Labaka izango da EH Bilduren bozeramailea, eta Amaia Etxeberria EAJrena.

Liberazioak eta ordainsariak

Guztira, Udalbatzako hamazazpi zinegotzietatik zazpik izango dute liberazioren bat, osoa ala partziala, agintaldi honetan. EH Bilduren Udal Gobernuko hamar zinegotzietatik seik izango dute arduraldiren bat udalean: Nagore Alkortak, Josu Labakak eta Leire Goenagak %100eko liberazioa izango dute, Aitor Bereziartuak %50ekoa, Mikel Odriozolak %30ekoa eta Eneritz Albizuk %20koa. Horiez gain, 2/2016ko legeak aurreikusten du 10:000 biztanletik gorako udalerrietan oposizioak %100 liberatutako zinegotzi bat izateko aukera. Horrela, Azpeitian lehen aldiz izango da oposizioaren hautetsi bat udaleko liberatu; Amaia Etxeberria jeltzaleen taldearen bozeramailea, hain zuzen.

Karguen liberaziorako Gipuzkoako foru arauaren arabera, Azpeitiko Udalak bost liberazio oso izateko aukera daukala gogoratu zuen Alkortak, "baina bat gutxiago izango dugu". Ordainsarien zenbatekoei dagokienez, berriz, Eudelen baremoek "bestelako aukerak eman arren", EH Bilduren erabakia soldatak mantentzea izan dela nabarmendu zuen alkateak: "Badakigu politikara ez garela etortzen ez dirua galtzera, ez aberastera". Liberazioekin izango duen gastuarekin eta Eudelen soldaten taulekin alderaketa eginda, udalak lau urte hauetan "gutxi gorabehera 350.000 euro aurreztuko" dituela azaldu zuen Alkortak.

Hauek dira, xehetuta, atzo onartu zituzten liberazioen eta ordainsarien kopuruak (urte osoko soldata gordinak dira):

- Nagore Alkorta: %100eko liberazioa eta 48.900 euroko soldata.

- Josu Labaka: %100eko liberazioa eta 37.800 euroko soldata. Une honetan Ueman %25eko liberazioa duenez, udalerri euskaldunen mankomunitatean dituen ardurak bukatutakoan pasatuko da udalean erabateko liberazioa izatera.

- Leire Goenaga: %100eko liberazioa eta 37.800 euroko soldata.

- Aitor Bereziartua: %50ko liberazioa eta 31.350 euroko soldata.

- Mikel Odriozola: %30eko liberazioa eta 10.600 euroko soldata.

- Eneritz Albizu: %20ko liberazioa eta 7.050 euroko soldata.

- Amaia Etxeberria: %100eko liberazioa eta 30.000 euroko soldata.

Gobernu Batzordea

Udalak hainbat erakundetan izango dituen ordezkariak ere zehaztu zituzten atzo, eta Udaleko Gobernu Batzordea ere osatu zuten. Orain arte bezala, Udal Gobernuko hiru kidek eta oposizioko bik osatuko dute Gobernu Batzordea: Josu Labaka, Aitor Bereziartua eta Leire Goenaga izango dira EH Bilduren ordezkariak, eta Amaia Etxeberria eta Rebeka Larrañaga, berriz, EAJrenak.

Gobernu Batzordeko kideek aipatutako hurrenkera bera jarraituta beteko dituzte, halaber, alkateordetzak. Horrela, Labaka izango da lehen alkateorde.