Lolo Encinasek ez du jarraituko Juaristi ISB taldea entrenatzen

Uztarria.eus 2019ko uzt. 3a, 12:37
Lolo Encinas erdian, Juaristi ISBko talde teknikoko kideekin. (ISB)

Donostiarra 2017-2018 denboraldiaren aurretik iritsi zen Juaristi ISB taldera, eta azken bi denboraldietan talde hori gidatzen aritu da. Erronka berri bat tarteko hartu du ISB uzteko erabakia; ACB Ligan ariko den Bilbao Basketeko talde teknikoan izango da datorren denboraldian. Entrenatzaileak esker hitzak izan ditu Iraurgi Saskibaloi Taldeko kide guzti-guztientzat.

Lolo Encinasek (Donostia, 1974) ez du ISBko gizonen lehen taldea zuzentzen jarraituko. Donostiarra 2017-2018 denboraldiaren aurretik iritsi zen Juaristi ISB taldera, eta azken bi denboraldietan Zilarrezko LEB Ligako talde hori gidatzen aritu da. Dena den, Encinas berak sare sozialetan azaldu duenez, erronka berri bat dauka eskuen artean. Izan ere, Bilbao Basket taldeko talde teknikoan izango da datorren denboraldian. Alex Mumbru entrenatzailearen laguntzailea izango da ACB Ligan ariko den taldean, eta Encinasekin batera osatuko du taldea Javi Salgadok.

Encinasek esan duenez, erabakiak hartzeko unea iritsi zaio, "erabaki zaila" hartzekoa kasu honetan, "ISB uztea". Entrenatzaileak esker hitzak izan ditu Iraurgi Saskibaloi Taldeko kide guzti-guztientzat, eta bereziki, Jose Luis Zubizarreta Xubirentzat, berarekin sinesteagatik eta gozatzeko aukera emateagatik.