Maite Etxezarreta: "Espero baino hobeto eta gusturago aritu naiz"

'Berria' 2019ko uzt. 3a, 12:01
Maite Etxezarreta.
Euskal selekzioko korrikalariek denboraldi bikaina egin dute. Maite Etxezarretak ere denboraldi oso ona egin du 2019ko Espainiako Mendi Lasterketen Kopan. Dena den, hiru lasterketatan baino ez du parte hartu, irabazi zuen Kanpezu-Ioar lasterketan erorikoa izan ondotik ez baitu beste probetan parte hartzerik izan. Atzoko Berria egunkarirako elkarrizketatu zuten azpeitiarra.

Zumaian jokatutako Flysch Trail lasterkarekin bukatu zen 2019ko Espainiako mendi lasterketen kopa. Euskal selekzioarekin sei lasterkari aritu dira bukatu berri den sasoian; tartean, Maite Etxezarreta (Azpeitia, 1991). Emakumeetan oso ondo aritu da euskal selekzioa; hain zuzen ere, Etxezarreta eta Laida Elizegi aritu dira taldean. Etxezarretak hiru lasterketa soilik egin ditu: Kanpezu-Ioar (Araba) lasterketa irabazi egin zuen, baina han izandako eroriko baten ondorioz, kopa bertan behera utzi zuen. Atzoko Berria egunkarian Etxezarreta elkarrizketatu zuten.

Zein izan da lasterketa guztietan gogokoena?

Kanpezu-Ioar. Asko gustatzen zaidan lasterketa bat delako. Desnibel dezente eduki arren, korrika asko egitekoa da, eta inguru oso polita du. Familiakoak ere han izan ziren, animatzen; taldekideekin asteburu ederra pasatu genuen, eta, gainera, emaitza ezin hobearekin itzuli nintzen etxera.

Non sufritu zenuen gehien? Zergatik?

Malagan [Espainia]. Lasterketa asko gustatu zitzaidan, baina erorikotik hilabetera izan zen. Gutxi entrenatuta iritsi nintzen.

Gustura gelditu al zara egindako koparekin?

Ezin bukatu izanak pena ematen dit, baina egin ditudan lasterketetan oso sentipen onak izan ditut, eta Jokin Lizeagaren entrenamenduekin hobetzen ari naizela ikusi dut. Oso pozik nago.

Elkarrizketa osoa Berria.eus webgunean irakur daiteke.