Azpeitian jokatuko dute Euskal Herria Koparen finala, abuztuaren 24an

Uztarria.eus | Kirolak
2019ko uzt. 2a, 11:24

Realak eta Athleticek neurtuko dituzte indarrak Garmendipen jokatuko duten finalean, 16:00etatik aurrera.

Euskal Herria Kirola elkarteak antolatuta, futboleko emakumeen Euskal Herria Koparen IX. edizioa ari dira jokatzen azken hilabeteetan. Txapelketan parte hartu duten taldeek Euskal Herriko hainbat txokotan neurtu dituzte indarrak, eta finala Azpeitiko Garmendipe futbol zelaian jokatuko dute, abuztuaren 24an, larunbatez. Reala eta Athletic iritsi dira finalera, eta beraz, emakumezkoen bi talde horiek neurtuko dituzte indarrak Garmendipen, 16:00etatik aurrera.

Aurtengo Euskal Herria Kopa Gurea lelopean ari dira jokatzen, antolatzaileek euskal selekzioarekin duten konpromisoa erakusteko asmoz. Finalera Reala eta Athletic iritsi badira ere –finalerdietan sartu ziren lehiara bi talde nagusiak–, beste hainbat talde ere aritu da lehian: Eibar, Aviron, Bizkerre, Mulier, Oiartzun, Genets, San Inazio, Berriozar, Añorga eta Alaves.

Athleticek penaltietan Eibar 4 eta 3 mendean hartuta lortu zuen finalerako txartela  joan zen maiatzaren bukaeran Galdakaon (Bizkaia) jokatutako neurketan. Realak, berriz, Alavesi Arrasaten jokatutako norgehiagoka 1 eta 0 irabazi ostean lortu zuen finalerako txartela.

Iaz ere Realak eta Athleticek jokatu zuten Euskal Herria Koparen finala. Bilboko taldea nagusitu zen Donostiakoari 5 eta 1 irabazita, Galdakaon (Bizkaia) jokatutako finalean. Iaz, Eibarrek eta Athleticek Garmendipe futbol zelaian jokatu zuten finalaurrekoetako bat.

 

 

Bidali:  

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu